Segundo oro bizitza

Zihara Enbeita Gardoki

Segundo oro bizitza da lelopean, EiTBk gaixotasun neurodegeneratiboen inguruko informazio eta sentsibilizazio kanpaina egin berri du. Segundo oro bizitza. Ibon Fernandez de Iradi presoak du, adibidez, gaixotasun neurodegeneratiboa eta jakin berri dugu zigorra eteteko eskaerarik ez dutela onartu Parisen. Preso gaixo guztiek dute tratamendurik egokiena jasotzeko eta gaixotasun sendaezinen kasuan, etxean artatuak izateko eskubidea, baina euskal presoenak araua berresten duen salbuespena izaten jarraitzen du. Jakinik gaixotasun larriak dituzten gainerako presoen kasuan ere segundoro dela bizitza. Segundo oro bizitza. Eta berandu gabiltza. Segundo oro bizitza. Errepidean. Ehunka, milaka kilometro asteburuero. Segundo oro bizitza eta berandu gabiltza. Segundo oro bizitza da. Isolamenduan. Segunduak, minutuak, orduak, egunak, asteak, hilabeteak, urteak berandu. Kilometroak berandu. Segundo oro da bizitza eta berandu gabiltza.

#salatzen dut eta mila bider #salatzen dut, baina zer kontatuko dizut zuri, hau irakurtzen ari zaren horri? Seguruenik zeu zara astebururo errepidean bizia uzten zoazena. Gurasoa, seme-alaba, senidea, laguna, bikotea denbora tarte labur batez, laburregi batez ikusteko. Joaterakoan etortzen eta etortzerakoan joaten. Seguruenik zeu zara adinagatik edo ezintasunarengatik seme-alabarik ikusi ezinik dagoena. Seguruenik zeu zara senideren bat errepidean galdu duzuna. Seguruenik zeu zara zeure etxekoa isolamenduan duzuna eta beste behin ere jipoitu dutela jakin duzuna. Seguruenik zeu zara etxekoa larri gaixorik eta giltzaperatuta duzuna. Seguruenik zeu zara kartzelan giza eskubide ororen urraketa pairatu duzuna. Nik besteei idatzi nahi nieke, zuon auzokoei, ikusi nahi ez dutenei, hau irakurriko ez dutenei. Oraindik beranduago izan baino lehen. Segundo oro baita bizitza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude