Oraingoa ez da Black Friday izango… Ala bai?

OIHANA CABELLO ELORRIAGA

Barikua. Urteko aste guztiek dute bariku bat. 2017ko lehenengoa joan zaigu. Bigarrena bidean dago.

 

Bidea. Bidean pasatzen dituzte euskal herritar askok barikuak. Espainiara bidean batzuk, Frantziara bidean beste batzuk.

Beltza. Beltza eta barikua: Black Friday. Euskal preso politikoen senide eta lagunentzat urteko bariku denak dira black friday. Etxetik atera, eta autoari gasolina bota (48.41 euro). Egiteko, ehunka kilometro batzuentzat, mila kilometro baino gehiago besteentzat.

Barikua. Orduak eta orduak, errepidean, adi. Nekea eta logura. Eten bat bidean. Kafe bat eta Coca Cola bat (3.50 euro). Eta berriro asfaltora, nekatuta. Eta tentsioa, bisitara sasoiz eta onik helduko ote direnaren zalantzak sortzen duen tentsioa.

Bidea. Asfalto beltzaren gainean, kolore berdea. Kontrola, berriro tentsioa… Eta atzerapena. Urduritasunak ere egiten du barikua black izatea. Nekea, presaka ibiltzea, urduritasuna, haserrea… Arriskua.

Beltza. Barikuak. Asfalto ilunean. Beltzean.

Barikua. Dagoeneko zapatua da. Eta eguzkiak bere lehen kukua egin du. Kartzela atarian, lagun edo senide mina ikusteko gogo argiak egiten du asfalto beltza gris kolorekoa. Kartzelako hormak bezala, grisak. Barrote grisen atzetik, baina, poztasun koloreko irribarreek zipriztindu dituzte gela eta lokutorioak. Bisitaren berotasunarekin heldu da lasaitasuna, deskantsua.

Bidea. Eta bidean etena, arnasa… Bisita egin ostean, bazkaria (36 euro). Asteburuko lehenengo bisita eginda, hurrengo goizean bigarrena. Afaria (18.30 euro); lotara (36 euro) eta gosaria (16 euro).

Beltza. Bigarren bisita. Ehun kilometro asfalto beltzaren gainean, eta etena, autoari berriro gasolina botatzeko (41.10 euro).

Koloreak. Kartzela parean, beltza ez diren beste kolore guztiak dira  airean. Barrote grisen atzean, ostadarra marrazten duen beste irribarre bat. 40 minutu, pare bat ordu…

Eta berriro beltza. Etxera bueltan, Euskal Herrira heltzeko geratzen diren ehunka, milatik gorako kilometroak asfalto beltzean egin behar dituzte presoen senide eta lagunek. Barikuro, astebururo.

Barikuak. Asfalto ilunean. Beltzean.

Urtarrilaren 13a. Barikua. Urteko bigarrena. Berezia, presoen senide eta lagunek ehunka, milaka kilometroko bidea egin behar ez duten urteko bariku bakarra delako.

Asfaltoa. Baina asfalto beltza izango da asteburu honetan ere protagonistetako bat. Giltzapetuta dituzten euskal preso politikoen eskubideen alde, jende uholdea asfaltora aterako delako asteburu honetan, urtarrilaren 14an. Baina Bilboko kaleetako asfaltora. Oinez.

Oraingoan ez dute autorik ezta furgonarik gidatuko, ez dute errepideak sortzen duen arriskua pairatuko, ez dituzte kontrolean geratuko, ez dute gasolinarik botako, ez dute ostaturik ordainduko, ezta jatetxerik ere…

Oraingoa ez da Black Friday izango…. Ala bai?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude