Elkar hartu
Beti pentsatu izan dut kartzela kartzela dela, bai Basaurin zein El Puerto de Santa Marian. Kartzela ez da leku ona, ezta egokia ere niretzat, baina hori beste kontu bat da. Talde armatuak bere ekintza eten zuen, baina espainiar gobernuak ez dio utzi, hala ere, mendekuz jokatzeari. Defendaezina zela ikusten nuen lehen eta, orain, negargarri. Biktimekin moduan, presoekin ere mailaketa egiten da. Bizitza guztiek berdin balio ez balute moduan. Bizitzari mespretxu. Mendekuak ez dakar ezer onik: denak itsu, hortzik gabe, betiko haserre. Probokazio hutsa da, gorrotoaren pizgarri. Hala ere, harrotasunez goraipatu gura dut: jendarteak (politikoek ez bezala) bake prozesuaren apustua egin du.
Talde armatuak bere ekintza eten zuen, baina espainiar gobernuarentzat antza ez. Zapatu gauetako borrokak ere terrorismotzat har daitezkeen herri surrealista batean bizi gara, herri surrealista bat bizi dugu. Eta terrorismotzat zigortuko dituzte gazteak, salaketa jarri duenak horrelakorik esan ez arren. Egiari mespretxu. Ondoren, zigor atomikoak, kalte handiena eragitea helburu. Sare zabaleko arrantza. Testuinguru gabeko eta kanpoko epaiak eta, gainerakoen aldean, kalte gehigarriekin. Justiziari mespretxu. Larriena da euskal preso politiko bakoitzaren kondena, kondena kolektiboa dela, berarekin batera bere inguruko guztiena. Sare hori hain da zabala, ezen denok harrapatzen gaituen bertan, baina guk sare hori elkar hartzeko erabiliko dugu, lehen baino are gehiago eta estuago. Jazarpenaren, torturaren, sakabanatzearen, urruntzearen, manipulazioaren kontra. Harrapatu gaituztelakoan, elkartuago gaudelako.
Utzi erantzuna