Arrakala

Leire Lopez Ziluaga

Lekuek festibala egiten ari da egunotan Gernikan, eta ez litzateke batere arraroa izango –gernikar askok dioten estimu handia kontuan hartuta– tabernaren batera sartu eta Johnny Cashen ahotsa entzutea. Agian, San Quentin eta Folsom kartzeletan egin zituen kontzertuetako grabazioren bat egokituko zaigu.

Baina ez gara hain urrun joan behar. Gure umezaroko irudi indartsua izan zen Negu Gorriak taldeak Herrera de la Manchako kartzela parean egindako kontzertua, eta Imanolen kontzertu baten ostean ikasi genuen musikak kartzelatik literalki (eta literarioki) ihes egiteko balio dezakeela. 80-90eko hamarkadara joan gabe ere, Berri Txarrakek Fresnesen jo du duela ez asko.

Johnny Cash zazpi aldiz atxilotu eta zazpi gau egin zituen kartzelan, baina guri errazago etorriko zaizkigu gogora preso izandako beste musikari batzuk, adibidez, Kashbadeko Gorka edo, hurbilago, hementxe bertan, Hartuzaken ibilitako Jorge edo Iñaki. Adikune taldeko Markel Ormazabal ere kartzelan izan zen eta musika eta kartzelaren inguruko gogoetak ere bildu zituen “Hemen naiz, ez gelditzeko baina” liburuan.

Arantza lagunak kartzelako zarata aipatzen du sarri. Zaratak ezaugarritzen duela kartzela, besteak beste: elkarrizketak, telebista, oihuak, irratia. Zaila dela zaratari ihes egitea, eta are zailagoa norberak aukeratutako zarata entzutea. Norberak gustura entzungo lukeen musika entzutea.

Soinua, zarata, musika, isiltasuna. Ez da erraza hitzon mugak zehaztea, bata non hasi eta bestea non bukatzen den esatea. Errazagoa da jakitea zerk gogaitzen gaituen; soinuren bat, isiltasuna, bibrazio gero eta ohikoagoak. Ez da erraza mugak ezartzea, baina denak izan daitezke kontrolerako tresna: lanera deitzen duen sirena aipa dezakegu edo isiltasunaren erabilerak harremanetan izan dezakeen eragina.

Zaratak ezaugarritzen duen espazio batean ere, zaratak deskontrolatua dagoela irudi lukeen espazio batean ere, zarata kontrolatua dago eta kontrolerako erabiltzen da. Kartzelan ezin duzu nahi duzuna entzun; izan daiteke ziegan eduki dezakezun gehieneko disko kopuruagatik, disko originalak soilik entzuteko aukeragatik, haiek eskainitako diskoak soilik eskura ditzakezulako, irratiak eskaintzen duena soilik adi dezakezulako. Musika kontrolatua egotea kultura ez hegemonikoen kalterako izango da beti; adibidez, kartzelak eskaintzen duen musika katalogoan dagoena soilik entzun badezakezu, zaila izango da gaztelania, frantsesa, ingelesa ama hizkuntza ez dituztenek bere hizkuntzan zerbait entzutea.

Dena dela, horrelako mekanismoei ere beste aldea bilatu ahal zaie. Iñakik aipatzen du Jaenen irratia entzuten zuela batez ere, norberak aukeratutako musika eskuratzea oso zaila zelako, eta, horri esker, bestela entzungo ez lituzkeen hainbat gauza entzun eta ezagutu zituela.

Hala ere, musika ez da soilik entzuten, jo ere egiten da, eta ia ezinezkoa da espetxean instrumentu bat edukitzea –norberaren irudimenaren bidez sortutakoez haratago–. Zergatik egon daiteke telebista ziegetan baina ez gitarra edo txistu bat? Askotan, kartzelako bandan jotzea edo ikastaroren batean izena ematea izan daiteke tresna bat jotzeko modu bakarra, horrelakoetan parte hartzeko aukera baduzu, jakina. Gogoan dut Iñigok anaia Jorgek kartzelan zuen Plata pal bokata taldeaz hitz egiten zigula hura barruan zegoenean. Batzuetan badira zirrikituak ere.

Egin daitekeena eta egin ezin dena aldatu egiten dira kartzela batetik bestera eta ez da gauza bera Espainiako eta Frantziako kartzela bat, baina muga bat jartzeko nahia hor dago hala ere.

Ez naiz oso abila horrelako mekanismo baten ertzak neurtzeko orduan. Bakarrik dakit lanerako bidaia errazten didaten diskoak daudela, musikaren inguruan pentsatzeak irakatsi didala pentsatzen, errealitatea irakurtzen. Musikak mundu honetara lotzen nauela, ihes egiteko erabiltzen dudanean ere. Musikak indarra ematen didala nire neguko jauregi txikiak hartzeko.

Gustuko musika arrakala izan daiteke neguko jauregian, arrakala izan daiteke kartzelan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude