Barreneko sare agurgarria
Barreneko sare agurgarria,
Hitz hauek idaztearen zergatia ez da nire buruarekiko duelu pertsonal baten fruitua besterik.
Harritu egingo zintuen, beharbada, eskutitz honetako hitz koldarren existentziak. Egia da, ez gara
ondo ezagutzen. Nigan senti zaitzaket, ordea. Badakit hor zaudela, inporta didaten gauzen eta nire
baloreen arteko pertsiana ireki nahian. Aste osoko soldatapeko lan zein ikasketek eta asteburuetan
parranda egiteko gogoek difuminatzen didaten ateari joka. Ohartu naiz, behin baino gehiagotan,
nire erraietatik irten zarela errealitatearekin eztropozu egin dezadan. Hamaika alditan. Hamaika
momentutan.
. Inoiz, lokalean, koadrilako baten aitaz oroitzean, malko bat atera zait, burutik igaro baitzait,
honen aita erbestera joan zenetik gure lokalaren pare dagoela haien harremana: Ke mantu batean
murgilduta.
. Urtarrilean, ezjakintasunak emandako baldarkeriaz “Zeren manifie da ba?” galdetzera ailegatu
naizela aitortu behar dut, segidan, lurrak erantzun bat eman beharko balit bezala, zorura begiratu
eta nire buruaz lotsatzeraino.
. Ken Zazpiren “Malen” abestiko egoera tamalgarria gertuko egiten zitzaidala aitortu izan dut,
MP3an “Despacito” abestia erreproduzitzen nuen bitartean.
. Facebooken “Jone Libre”-ren inguruko artikulu bat konpartitu nuen behin, bere aldeko ekitaldi
bakar batera joan nintzela konsziente izanda ere (Ez nuke jakingo seguru esaten beragatik edo
Djak zeudelako joan nintzen).
. Kontzerturen batean, talderen baten abestitik abestirako isilunean “Borrokalari kalera” kantatzen
nagoela, zehatz zergatik jakin gabe, kantu horren letra jakitea eta letra horren kantua jakitea ez dela
berdina ohartu naiz.
. Presoen senideek egin behar dituzten kilometroekin amets egin nuen behin, nire lagun batek
“Heldu gara…” batekin esnatu zidan arte; “…Buf ! Biaje gogorra izen da e”, bidai gogorra izan zen
Granadara egin genuena antza, gero hondartzatik hotelera eta hoteletik diskotekara ibiltzeko.
. Olentzero herrikoi bat behar zela ondo iruditu zitzaidan. Ezin izan nuen publikoki adierazi, lekua
hartzera joan bainintzen, kabalgata ofizialean ahalik eta goxoki gehien lortzeko esperantzan.
Eta abar luze bat….
Ondo pentsatuz gero, nire ekarpenak horretara mugatzen dira. Ez da asko. Ez da aski. Hala ere, ez
daukazu zuk errua, nola edukiko duzu, bada. Nik ere ez, akaso, baina oso doakoa iruditzen zait
norbere gabeziak estaltzeko asmoz, beti gizartearen eraginaren teilatura botatzea pilota.
Gizartearena bada eranztukizuna, nirea ere bai. Ez zaitut bilatzen, egia esan, karta hau izan da
zugana jo dudan lehen aldia. Bilatu ez arren, ordea, aurkitu egiten zaitut. Inguruan zauzkat
hamaika jenderen bihotzetan guztiz gorpuztuta, ustezko errealitate sekretuen berriemaile, baina
badirudi ez dudala konturatu nahi. Dena den, zuk jarraitu nigan uneka baldin bada ere agertzen,
agian, noizbait eguneroko huskeriak aparte utzi eta saretonina dosi bat exijituko didate zainek.
Ordura arte, eskertzea baino ez zait geratzen,
noizbait osotasunean ezagutuko garen esperantzan
Adeitasunez,
Gernikako edozein gazte pasibo.
PD: Ez zaitez arduratu eskutitz hau erantzuteaz. Badakit erantzuna, hori da txarrena.
Utzi erantzuna