Memoria eta giza eskubideak salbuespen egoeran
Aurten 80 urte, lau bider hogei urte beteko dira Gernika bonbardatu zutenetik. Lau belaunaldi isiltasunera kondenatuak. Suntsiketaren planifikazio ankerra, heriotza eta gerra-propaganda. Denbora tarte honetan ez egiarik, ez erantzukizunen aitortzarik…ezer ere ez. Gernikaren bonbardaketa Espainia berriaren sortze agiria izan zen. Sua, errautsa, heriotza dira bere zigilua. ¡Viva la muerte! bere goiburua.
Bonbardaketak, sarraski krudelak, munduko kontzientziak astindu zituen baina, zoritxarrez, zaharrak berri. Bonbardaketak nonahi, harresiak, identitate bortxatuak, errealitate isilaraziak, heriotzaren txalupak, ihesa…Ez dugu ezer ikasi, antza.
«Munduak gezurra diotsu, bihotza.
Gezurra bere argi indarrez»
Gernikako kaleetan abesten legez, herria birritan bonbardatua izan zen «Lehenengo bonbez eta gero gezurrez». Bonbek triskantza eragin bazuten, gezurrak zalantzaren hazia landatu nahi izan zuen gure kontzientzietan. Historia garaileak kontatzen ei du. Horregatik Gernikaren bonbardaketaren errelatoan Egiak bahituta jarraitzen du. Baina ez dugu mina isilean negar egingo, ez. Historiaren faltsutze honi maskara kendu diogu dagoeneko. Egia (denona eta osoa) mahai gainean jarriko dugu, ezinbestekoa baita benetako Justizia eta Erreparazioari bidea emateko. Elkarbizitzaren eraikuntza oinarri sendoetan altxatu beharra dugu, eta memoriak paper ezinbestekoa jokatzen du. Hau munduko Gernika guztiei opa diegu: Pañestina, Sahara…
«Gezur, gezurrak
Lotuta du mundua
Gezur, gezur hutsak
Banandu du gizakia»
Horrela dio Eskixuren kanta batek, eta bete-betean igartzen du munduaren egoerari erreparatzen badiogu. Gernikak garrasi egiten du, ozen, zapalkuntzen aurrean. Gure koloretako txoriak babes ematen dio aterpe beharrean dagoen orori. Gernikak zutik dirau eta bere etorkizuna marrazteari ekin dio. Atzera begira baina aurrera eginez arraunlarien gisara, elkartasuna lemazain.
Trantsizio deituriko salbuespenezko obra antzeztu digute trantsakzio deitzea egokiagoa litzatekeen arren. Horixe izan baitzen. Ondo kalkulatutako tratua, negozio borobila, agintean berdinek jarrai dezaten. Historiarekin zorrak kitatu ordez, memorizidio planifikatua; zauriak garbitu ordez, zolitzen utzi; kontuak argitu eta kitatu ordez, aginte egiturak kopatu. Betikoak eta betiko moduan. Espainiak ezintasun estruktural bat du, heldugabetasun kronikoa, biolentziarik gabe gauzak eztabaidatzeko. Dena da salbuespena, justizia eta giza eskubideak tartean. Mendekuaren politika, finean. Mendekuaren gainean eraikitako andamiajeak dena ikutzen du; salbuespenaren aterkiak desmasia ikaragarriak tapatu ditu eta salatu egin behar ditugu, argitara ekarri. Giza eskubideak bahituta daude eta giza eskubideek izen-abizenak dituzte, aurpegi bat, familia, lagunak, herri bat. Presoak kate begi ahulena dira mendeku politika honetan. Horregatik jazartuak dira, bakartuak, urrunduak. Tribunal bereziak, gaixotasunak, tortura, heriotza. Minaren kalkulo sistematikoa, nazioarteko legedien ukazio inpunea, askoren isiltasun konplizea.
Konpromisoen garaia da, bai, eta badugu zereginik. Bai kanpora begira, bai barrura begira. Kanpora begira geure eginez beste Gerniken sufrikarioa; barrura begira, azken urte hauetan zabaldu zaigun herrigintza eta bakegintza aukerari babesa, laguntza emanez. Presoak eta iheslariak kalera, etxera ekarriz has gaitezke.
Sabin Ibazeta, Gernika Batzordea
Utzi erantzuna