“Zer …? Badatoz, ala?”. Memoriari lagundu nahian

Josu Barandika Zubiaga

Txalogarria da Gernika-Lumoko SAREk plazaratu duen “OROIMENEN ERRADIOGRAFIA, 1937-2017”. Hausnarketarako gonbite bat ez ezik, egian eta justizian oinarritu behar den herri baten izaera plazaratzeko ere balio duena. Ildo horretatik, Oroimenen beste lerro batzuetako erradiografiak ere egin beharko dira, kontuan hartuta Gernikako bonbardaketa genozidioa izan zela.

Hogeita zazpi urte pasatu ziren Gernikako bonbardaketatik. Gorbeia pean, Orozkoko Ibarrako baserri batzuk bisitatzen nenbilela, abade egin barri, baserritar batek, derrigorrezko aupadak egin ondoren, bat batean, nire gaztetasunaz ohartuta edo, galdetu zidan: “Zer…? Badatoz ala?”. Ikusi zuen ez nintzela konturatzen zertaz ari zen, eta hasi zen gerra eta bonbardaketaz berba egiten. Gernika, Euskal Herriaren askatasunaren sinboloa suntsituta, herria garretan, umiliatuta bere gotor lekuan, herriaren gogo eta izanak ezerezera bihurtuta, izateko eskubide guztiak, izateko aukerak birrinduta. Hilotzak kale edota mendi bide zidorretan zehar. Eta Elizak bedeinkatuta, gainera.

Orduan konturatu nintzen oraindik, beste batzuk bezala, nire laguna ere mirariren baten esperantzan bizi zela, hau da, “Aliatuek” noiz etorriko zain, Francori aurre egiteko, Hitler eta Mussoliniri aurre egin zieten bezala. Horregatik bere galdera. Behar bada, Núremberg-en antzeko prozesu baten ametsetan zegoen. Hain handia izan zen herriko sustraietan hartutako astindua! Nazioartetik ezen inor altxatu. Barruan, beldurra, ezintasuna, isiltasuna nagusitu ziren. Nire solaskideak ezin zuen sinetsi tamainako barrabaskeriaren gainean Gobernu bat eraiki ahal zenik ere. Are gutxiago, propaganda guztiak aldarrikatzen zutena, euskaldunak eurak izan zirela Gernika erre zutenak.

Euskal Herria ez zela makurtuta geldituko, esan ondoren, eta baikorki, hasi ginen gure artean azaltzen zelan handik eta hemendik, herri eta auzoetan zehar, gazte eta hain gazteak ez zirenak ere mugitzen hasiak zirela euskararen eta eskola euskaldunen alde, zapaldutako duintasuna berpizten, askatasunaren ikurriñak leku berezietan jartzen, fabriketako langileak borrokan eta huelgetan, idazkiak Francoren Erregimena eta Elizako Gotzainek salatzen, musika taldeak, idazleak, artistak, estudianteak etab. askatasunaren alde, diktaduraren kontrako erresistentzia bat ere hasi zela, guztiok ere euren bizitzak arriskatzen, jakina. Pozarren gelditu zen, baina era berean polizia, salatari edota armadaren eraginaren mesfidantzaz. Izan ere, jarraian, horrela izan zen faxisten erreakzioa. Zerbait mugitzen bazen herrian, aurreko suntsiketaren irudiko zapalketak etortzen ziren: Salpuespen Egoera bereziak, hil arteko torturak, espetxeratuak, ihesari eman beharrekoak, fusilatuak, deportatuak, norberaren lanbideetan edo etxeetan bonbak, kalteak.

Franco hil ondoren, azaldu ziren estoldetan edota erbestean, isilean, egon ziren alderdi politikoek. “Moncloako Paktuetan” (1978) onartu zuten Oligarkiak eta Armadak eskainitako beraien eskuetan zegoen “denontzat kafea”. Ez zen Errepublikaren izaera demokratikoa berrartu, edo euskaldun herritar eta herriaren eskubideak berreskuratu. Ez. Franco-k ondo lotuta utzi zuen dena. Alderdi politikoek demokrazia aldarrikatu baino, etekin partidisten bila ibili ziren. Praktikan, Errepublikaren hilotza eta Gernika bera lurperatu zuten. Ahaztea zen helburua. Beraz, sarraski eta hilotzen hezurren gainean oinarritu zen handik sortutako Erregimena. Kiratsu eta usteldutako “tarta” horren zati bat EAJ-PNV-k ere onartu zuen, baldintza birekin hartu ere: Nafarroa bananduta uztea, eta Euskal Herriko disidentzia menperatzea.

Gaur arte. 80 urte pasatu dira. “Euskaldunak -gorri-separatistak- erre zuten Gernika”. Hau da “ofizialki” aldarrikatu zutena. Horretan oinarritzen da gaur arteko egun oroko bonbardaketa. Ez dago beste aitortzarik. Baina Herriak ez du ahazten. Zein gizalegetan, ze “lur zoru etikoan” oinarritzen da gaur arte jarraitzen duen sarraski hau? “Demokraziaz” mozorrotzen saiatu diren Espainiako Oligarkia eta Armada, kapaz dira, zintzotasunez, gizaki moduan, Gernika aurrez aurre begiratzeko? Kapazak badira, zergatik ez dute beraien aliatu alemanen oinordekoek, egin zutena, egiten: Barkamena eskatu. Edota beste Núremberg berri bat egin beharko da? Non dago euren kultura demokratikoa? Hilotz eta suntsiketaren gainean Nagusikeria baino ezin da besterik eraiki, ez demokraziarik. Ez dira inor eurak zapaldutako herrien askatasunerako borrokak gaitzesteko. Ez dute oinarri etikorik horretarako. Debatea ez da edozein motatako borroka defenditzea edo ez. Hori gero etorri al da. Ezabatu nahi izan zuten herri izena lortu behar da aurretik. Herri baten suntsiketaren eta hilotzen gainean ezin da inor nagusitu.

SARE-k plazaratu berri duen honelako “Oroimenen Erradiografia, 1937-2017” eta antzeko ariketak egitea beste lerro batzuetan oinarrituta ere, garrantzi handikoak dira errealitatea ahaztu edota beste errelato batzuekin nahastu nahi duten oihularien aurrean jartzeko ez ezik, herritar denontzako ere zintzotasunean, egian eta justizian errotzeko eraiki behar dugun Euskal Herria.

Gautegiz Arteagan, 2017-04-07
Josu Barandika Zubiaga

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude