Erreboteraino eta buelta, denak Euskal Herrira!

Sare Gernika-Lumo

Erreboteraino heldu gara. Atzean ez dago gehiagorik. Ez dago koadrorik, ez dago kantxarik, ez dago harmailik. Ez dago ezer. Urteak eta hamarkadak pilota frontisera eramaten, eta erreboteraino bidali izan gaitu erantzun gisa. Gaurdaino.

Erreboteak Puerto de Santa Maria du izena frontoi hontan; Almeria, A Lama, Moulins-Yzeure, Arles edo Murtzia dei dezakegun bezala. Eta ez dago jairik; kontrakoa baizik. Eta ez dago alaitasunik, goibeltasuna baita nagusi. Ta nekea… Pilota leku berera heltzeko nekea asterik aste.

Gurean frontoiak bilakaera eta ibilbide anitza du; norberak bere erara bizi du, hurbilago edo urruntxoago, baina, gehienok dugu haren ezagupena: familian bizi izan dugulako, lagunen bueltan, lantokian…izan ikaskide, izan auzokide, bertan gertatutakoaren berri izan dugu beti.

Eta jakitun gara astebururo partida bera bizitzera kondenatuak dauden herrikideak ditugula. Berton ere, Gernikan. Eneko, Ibon, Jabi, Oier eta Keparen senideen partidak Gernika-Dispertsioa, Dispertsioa-Gernika deitzen direla. Etenik gabeak; atsedenaldirako tarterik ez; hutsarterik ez dagoela, alegia. Egoera krudel honi buelta eman behar zaio. Euskal preso eta iheslari politikoak bueltan ekartzeko beharra dago, beharra dugu. Ez kantxa erdian geratzeko, ez hurbil: Bueltan! Dispertsioaren errebotetik Euskal Herriko frontoira ekarri. Orain, denak eta hemen.

Ikusten duzuen bezala zesta-puntaren metaforaz baliatu gara oraingoan. Errespetuz kirolarekiko eta bertan parte-hartzen duten guztiei, baina, jokuak eta bere ezaugarriek duten indarra eta jarduna tarte batez baliatzeko asmoa plazaratzen dugu. Izan ere, errebotetik, dispertsioak probokaturiko errebotetik buelta egiteko, zestalari askoren bultzada behar baitugu. Gernikatik Gernikara.

Zestaren formak bueltako bidea irudikatzen digu. Norbanako bakoitzak berea egin dezake, eta, bere estiloan baliatu, ekarpena burutzeko. Pilota bertotik pasatzerakoan indar eta abiadura izugarrian ateratzen da eta horixe da, funtsean, ia 30 urtez indarrean dagoen dispertsio politika amaitzeko, behar duguna: norbanako ugari eta ezberdinen indarra eta abiadura.

Indarra eta abiadura espainiar eta frantziar gobernu zentralek ez dutelako batere borondaterik egoera aldatzeko, giza eskubideak errespetatzeko; legea betetzeko; Euskal Herriko gehiengo sozialak adierazten duena gauzatzeko. Ezta aurtengo apirilaren 8-a eta gero ere. Beraientzat gauzak ez dira ezertan aldatu…ala bai? Guri, herritarroi, berdin zaigu haien usteak. Guk, premiaz eta urgentziaz giza eskubideak errespetatzea, konponbidean oztopo bat ez izatea eta euskal herritarroi bake eskenatoki bat bakean eraikitzen utz gaitzaten nahi dugu. Kitto.

Horregatik, datorren ekainaren 9an (ostirala) arratsaldeko 19,30tan Merkurio plazatik hasita burutuko dugun manifestaziora herritar guztiak bertoratzera deitzen ditugu. “Erreboteraino eta buelta, denak Euskal Herrira!” lemapean izango da, eta, ondoren, Auditorioan ekitaldia burutuko dugu.

Guztion artean lor dezakegulako, EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA!

SARE GERNIKA-LUMO

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude