Harridura normaltasun bihurtu zenekoa
Askotan ez da erraza izaten zuzenbideaz idaztea, nork bere idealak albo batera uztea baitakar horrek askotan, eta, zailago, Euskal Herriko gatazka politikoaz ari bagara. Izan ere, paradoxikoki, nahiz Espainiako antolaketaren oinarrizko definizioetako bat Zuzenbide Estatua edo Ongizate Estatuarena izan, Euskal Presoen eta beraien senideen eskubideen urraketen bidez mendekuan oinarritutako justizia bilatzen du, bere lurraldean azken urteetan izandako gatazka politiko gordinenaren aurrean. Hala ere, ez pentsa baieztapen horrek harritzen nauenik, ez…gaur egun ez.
Gogoan daukat Zuzenbideko Graduko lehen urte horietan Zuzenbide Konstituzionaleko irakasgaia lehen aldiz hartu genuenekoa. Institutuko urteetan ezer landu ez eta telebistan, egunkarietan edo lagun artean entzundakoa zen oinarrian geneukan zuzenbidearen inguruko informazio bakarra. Espainiako Konstituzioa lantzen hasi ginenean oinarrizko eskubideen atalak aho bete hortz utzi gintuen momentu hartan ezezagunak ginen klasekide batzuk: edo ez genuen ezer ulertzen, edo irakasle hark esaten zuenak ñabardura batzuk falta zituen. Berdin gertatu zitzaigun arlo penalaren lehen klaseak jaso genituenean. Ezinegon komunak genituen ikaskideok, oholtza gainean etxebizitza eskubideaz edo atxilotuen bermeaz hitz egiten zuen espektruari kasu handiegirik egin gabe, salbuespen legedia aztertzen ematen genituen klaseko ordu asko. Ulertu genuen, azkenean, terrorismo kasuetan aplikatzen ziren salbuespen guztiekin bizitzen ikasi behar genuela: ohitu ginen inkomunikazio egoeren luzapenak ikustera, ohitu ginen frogak eskuratzeko prozedimendu berezietara, ohitu polizia etxeko torturapeko deklarazioak aintzat hartzen zirenekoetara, presoen sakabanaketa eta dispertsio politikara, preso gaixoek kartzeletan jarraitzera, salbuespen eta mendeku legedira. Harridura normaltasun bihurtu zen orduan.
Hala ere, ia 6 urteko ikasketen ondoren, nola erantzun adibidez dispertsioaren oinarri juridikoagatik galdetzen dizun, edo inkomunikazio epe amaigabeei buruz zalantzak agertzen dituen lagunari? Eta orduan konturatu ginen Euskal gatazka politikoaren ondorio juridikoak lege testuaren esaldi baztertuak baino ez zirela Unibertsitatean, aurrez aintzatetsitako eskubide edo ezarritako prozedurak hankaz gora botatzen zituzten esaldi laburrak baino ez. Itzalean zeuden, eta ez ginen inoiz horietaz eztabaidatzera sartzen. Euskal Preso eta senideenganako eskubide urraketak ez du tokirik Euskal Herriko Unibertsitatean, ez du aipamenik irakasle gehienen katedran, eta hori onartezina da. Euskal herritarron egunerokotasunaren parte den errealitatea ostondu digute klasean, ezer gertatuko ez balitz bezala; non eta Zuzenbide ikasketetan!
Ez dira egun asko preso gaixoen gaiaz galdetu zitzaiola Espainiako Parlamentuan Gobernuari; erantzuna argia izan zen: 3 hilabeteko bizi itxaropenetik behera daukatenean itzuliko dira presoak etxera. Horren aurrean badaukat erantzunik? Ez… Beraz, pasarte honek erakusten digu zuzenbidearen munduan zein normalizatuta dagoen eskubide urraketa, eta zein barneratuta dauden orokorrean Espainiako legediaren astakeria mendekatzaileak. Argi ikusten dut borroka legalak kasu konkretu batzuk irabazteko balioko digula, baina Fernandez Diaz jaunak bere garaian esan zuena ekarriko dut paperera: “ingenieria juridikoa egin beharko dugu”. Zer egin bere legediaren legezkotasun eza onartu, baina horri iskin egiteko nahia lau haizetara zabaltzen duen Estatuaren aurrean? Zoritxarrez, irtenbide juridiko asko bururatzen zaizkigun arren, jakin badakit Espainiak, giza eskubideen oinarrizko printzipioen aurka eginda ere, saiakera horiek blokeatuko dituela. Beraz, irtenbide errealago baten alde egitea baino ez zaigu geratzen: herria aktibazioaren alde.. Ez gaitezen irtenbide legalen zain egon, ez gaitezen epaiketen zain geratu, ezta ere Estatuen borondatea aldatzearen zain. Dinamika herritarrak izango dira oraindik amaitu ez den gatazka politikoa konponduko dutenak, eta salbuespen legediarekin bukatuko dutenak. Herri baten indarrak soilik alda dezake borondate politikoa. Denon artean lortuko dugu dispertsioarekin amaitzea, preso gaixoak etxera ekartzea, eta, behingoz, Zuzenbide Fakultatean ezkutatu zizkiguten esaldi guztiak betirako lege testuetatik ezabatzea.
Mikel Fidalgo Astigarraga, Zuzenbidean Graduatua
Utzi erantzuna