Nire gogoaren kontra idazten dut
Eskolan bezala. Orduan , eskola garaian, umetan, maisu-andereñoek aginduta idatzi behar izaten genuen, ni eta denok, gogoaren kontra. Egin egin behar zen eta kitto! Oraindik ez geunden ez protestarako, ez intsumisiorako ez ezertarako prestatuta. Zertaz idatzi esaten-agintzen ziguten eta guk erredakzioa egin behar izaten genuen.
Gaur ere nire gogoaren kontra idazten dut, gai “librean”, baina gogoaren kontra.
Gauza ederra da idaztea niretzat; hala egiten dut noizbehinka, eskatzen didatenean eta alperkeriagatik ez balitz izango agian gehiago ere idatziko nuke. Halere, Gernikako Sarek eskatuta –ez aginduta- idatzitako hau neure gogoaren kontra idazten dut.
Neure gogoaren kontra, neure burkideak etxean ez daudelako eta beraietaz idatzi behar dudalako. Nahiago nuke ez idatzi eta beraiekin lasai-lasai garagardo bat edan edozein terrazatan eserita. Eta “edozein” esateko era bat da; denok ditugu gure mugak eta. Direla muga estetikoak, ideologikoak, zaletasunekoak…
Baina bai, oraintxe bertan eta denak hemen izatearren edonon hartuko nuke garagardo bat. Zuetaz, burkideok, gogoratu eta kalera etortzea eskatzen duten terraza horietan; antzaz ixil-ixilik zuen alde lan egiten duten horien terrazatan (lasaia, aurrekontuetako negoziaketetan presoen egoera ere aztertuko da, esan zuen buruzagi batek; bai zera, hori gezurra da, erantzun zuen ppkoak); ukabila eta larrosa duten terrazatan; eta baita munduan ezer aldatzekorik eta ezer aldatzerik ez dagoela uste dutenen terrazatan.
Horregatik idazten dut nire gogoaren kontra, nire gogoa beraiek hemen egotea delako eta ez “han” dauden horietaz idaztea.
Egin egingo dut,baina garagardoa hotzitzen ere jarriko dut, zuen zai nago-gaudelako.
Bada garaia eta
Utzi erantzuna