Presoa eta kirola
Pelikula batean ikusi nuen lehenengoz gimnasio bat, kartzela batean zen, kamiseta zuri tirantedun gizon beltz gihartsuak, zuriren bat tartean esbastikarekin kopetan beruna altxa eta altxa osasunaren mesedetan baino “kausaren” aldeko entrenamenduan; kalera irtetean ukalbikadaz hamar beltz akatzeko, hamar nazi lehertzeko, hamar horma botatzeko, hamar kate apurtzeko. Amorruz.
Pelikula batean ikusi nuen nola zuri bizar eta bibotedun alkondara kuadrodun zoro batzuk kumuneko zolen atzetik ihesaldia prestatzen zuten, patio orduetan, erabateko koordinazio eta taktika burutsuz. Lana eta adimena, fisikoa eta burua.
Mundu errealean ezagutu nuen nola nire laguna, zena baino gihartsuagoa bilakatzen zen, entrenamendu fisikoaren bitartez, fisikoki kartzelatik ihes egingo ez bazuen ere, bere entrenamendu saioan, nolabait libre edo norabait ihes egingo zuelarik mentalki. Osasuntsu eta indartsu mantentzen zelarik gainera!
Lagun hari entzun nion patioetako futbito txapelketen berri, gimnasioko saioak edota korrikalditxoak egin egiten zituztela eta pilotan ere bai, eskuz eta palaz. Eta guzti hori patio orduetan, patio batean, eskola garaian futbolean eta pilotan aritu ginen modu bertsuan txirrinak jo artean, hura baizen azken jokaldia, azken sakea, azkena hurrengo patio ordu arte den denok klasera joaten baiginen, presoa bere ziegara doan modu bertsuan, liburu artera, ikastera, horma arteko ziegan bizitzen ikastera. Horma hoien zamari eusten ikasteko, zamari eutsiko badio zurruntasunari esker izango baita. Mente sana in corpore sano, entrenamenduaren bitartez. Fisikoa eta mentala.
Mundu errealean, kalean, irten zaitezke zure etartetik korrika eta zuzendu kalean gora basoraino, erreka gurutzatuz bidezidorrean aurrera mendixka batera eta bertatik oinpean ikusiko duzu Gernika, begirada altxaz gero Oiz. Agian presoak edukiko du abstrakziorako gaitasunik eta imaginatuko du korrika doala Laidako hondartzan oin hutsik marea baxu batean, iluntzean, pelikula batean bezala baina kartzelako patioan.
Eta pentsamenduetan dabilela, patioaren 200 metroko perimetroa egingo zuen 50 aldiz gutxienez, sentituko zen ondo eta gaizki segidan, preso eta libre, preso eta preso,… agian libre txirrina orduko azken sprintean. Baina hortxe darrai presoak, bere egunerokoan ekinean, egun bat eta beste bat alkarren atzetik etenik gabe.
Presoak osasunari eutsiko badio osasun fisikoa eta mentala uztartu beharko ditu. Osasun ona berezkoa izango dute batzuk, entrenatu beharko dute besteek. Ariketa fisikoak lagunduko dio buruari eta buruak aginduta jantziko du tirantedun kamiseta zuri hori eta arituko da ari, nekatuta sentitu arte.
Asko dira bizimodu aktibo bat eramateak dakartzan onurak, besteak beste: Ongizate sentsazioa igotzen du; arazo kardiobaskularrengatiko eta minbizi batzuengatiko heriotza-arriskua jaisten du; depresioa saihesten du; eta bihotz-, arnasketa- , hezur- eta muskulu-sistemetako funtzionamendua hobetzen du.
Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) k, 18 urtetik gorakoen kasuan gomendatzen duen gutxieneko jarduera fisikoa honako hau da:
- Neurrizko jarduera fisikoa astean gutxienez 150 minutuz.
- Jarduera fisiko gogorra astean gutxienez 75 minutuz.
- Zenbat eta jarduera gehiago egin, orduan eta osasun-onura gehiago lortuko dira.
- Astean bitan edo gehiagotan, muskulu-talde nagusiak sendotzeko eta malgutasuna hobetzeko ariketak egin.
Gutxieneko jarduera fisikoa egiteaz gain jarduera sedentarioak ekidin behar dira, hau da, eserita denbora luzez egotea ekidin. Orduro (hobe ordu erdiro) altxatzea eta pixkat mugitzea edo luzaketaren bat egitea gomendatzen da.
Kartzelan zein kalean osasuntsu mantenduko bagara kaloriak erre beharko ditugu. Kartzelako eguneroko motelean, non lan gogorrik ez den egiten, oreka kalorikoa mantendu beharko du presoak. Elikadura eta ariketa zainduz.
Guzti hori gure bizimodura moldatu beharko dugu. Kalean libre gaudenok, askatasuna dugu edonora oinez joateko, bizikletaz, korrika egiteko goizean goiz ala iluntzean, igeri itxasoan ala pistinan, pilotan jokatu, arraunean egin, rugbian…etab etab. Gaur egun ordea, gizarte azeleratu honetan, denbora premiaz gabiltza beti eta gero eta gutxiago mugitu eta begiratzen dugu ingurura. Motordun gailuetan mugitzen gara, telebista eta ordenagailu aurrean pasatzen ditugu orduak, lanean eserita gehienetan, mugikorrarekin, igogailuan igotzen gara etxera…
Preso dagoenak badu denbora, baina ez du espaziorik libre jarduteko eta mugitzeko, ezta denbora hori gestionatzeko aukerarik ere. Eguneko 4 bat ordu patioan emango ditu, pasioan, korrika, futbolean jokatzen, palan… Beti patio berean, mugaz beteriko patio gris horretan. Eguneko gainontzeko orduak ziega barruan pasatuko ditu, eta bertan egin beharko du orduro altxatu eta pausu batzuk eman metro gutxi batzutan zehar, atzera eta aurrera, atzera eta aurrera, osasuntsu mantendu nahi badu.
Preso dagoenak, espazio itxi eta txiki horretara eta ordutegi horretara moldatu beharko du bere bizimodua ahal duen eta modu osasuntsuenean.
Maddalen Txakartegi Urizar, familia medikua.
Imanol Goñi Aranburu, mendi korrikalaria.
Utzi erantzuna