Amaitzen hasi beharko da!

Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa

Igazko ikasturtean abiatutako kolaborazinoen tarteari ekingo deutsagu aste honetatik aurrera. Iaz sarekide asko pasau ziran txoko honetatik eta ekarpen interesgarriak egin ebezan formatu anitzetan. Ez dogu gitxiago espero ikasturte barri honetan. Sarekideek kontetako daukienaren bila joango gara batzutan, eta gura dozuenean sarekideok etorri zaitekezie bertora, zuen testu, irudi zein bestelako formatuan ekarpena egitera. Ikasturteko lehenengo kolaborazinoa Bigarren Hezkuntzako irakasle eta SARE Gernika-Lumo taldearen asteroko batzarretan diharduen Iñaki Aurrekoetxea sarekideari eskatu deutsagu.

2017a aurrera doa, eta euskal presoen eskubideen urraketa sistematikoak bere horretan segitzen dau. Ibon Iparragirre da krudelkeriaren adibide mingarriena: preso ondarrutarra larri dago, hilzorian, eta etxetik urrun. Defentsarik ez dauka, eta arrotz jakun justiziak eragozten ez badau, senide eta lagunengandik urrun hilko da. Etxean beharko leuke, aspaldi. Etxekoen bisita jaso dau Egoitz Coto mundakarrak be, susto galanta pasauta, hori bai. Senideen kotxeko gurpila lehertu eta istripua euki eben bidean. Zauriturik ez, eta aurrera jarraitu eben. Baina bada ordua asteroko bisitan bizitzak arriskuan jarri behar izatea amaitzeko. 20 urtez dabiz Espainiako kartzeletara bueltaka Kepa Arronategiren senideak. Nahikoa da! Ederra izan da aurreko astean Kepari eta hurrekoei erakutsi deutsiegun babesa. Europatik be babesaren zantzurik heldu jaku. Parlamentuak Bergeron txostena onartu dau, hainbat estatuk presoakaz daukiezan urruntze politikak kondenatzen dauzena, senideentzako zigor gehigarria dalako. Presoen hurbilketa ahalbidetzeko neurriak hartu dagiezala eskatzen deutsie estatuei. Eskatu, eta ez agindu. Eskumena ez da eta Europako legebiltzarrarena, estatuena baino. Baina aurrerapausu moduan hartu beharko dogu, batez be Frantziako legebiltzarkideek txostenaren alde bozkatu eta Espainia bakartuago itzi dabelako oraingoan. Eta Espainia mobidu daiten garrantzitsuak izango dira Frantzian gertatu leitekezan mobimentu txikiak.

Erabaki behar dabenak erabakiak hartu dagiezan baina, gu gara mobidu behar garenak! Gizartearen bultzadaz baino ez doguz Frantzia eta Espainiako mendekuzko harritzarrak mobiduko! SAREk abiatu dau 0km kanpaina, eta abenduan Parisen zein urtarrilean Bilbon batu bitartean, izango dogu preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldarria egiteko okasinorik. Geuretik hasita. Gernika 0km. Izan be SARE Gernika-Lumo ikasturte barrian murgilduta dabil honezkero, eta sarekideakaz konpartitzera doa aurten dakarzan asmo eta erronkak. Aktibazino sozialaren ispilu izaten jarraitu gura dau, beranduegi baino lehenago Gernikako herritarren gehiengo zabalak dispertsinoaren amaiera esijitu dagian. Horretarako, Ispilue Proiektuaren hirugarren ikasturte honetan, aurrekoan garatutako tresnak zabaltzen segidu ez eze, herri mugimenduaren alkarlan dinamiketan sakonduko dau eta, bereziki, sektore edo eremu jakinen inplikazinoa bilatuko dau, euren ekarpena egin dagien. Urriaren 20rako jarri deuskue zita, Merkurion, horreek danak konpartitzeko.

Gura badozue, zer edo zer aurreratu neikizue lerrootan. Igazko ikasturtea positiboa izan da, dispertsinoaren errealidadea ezagutzera emoteko ez geunkazan tresnak sortu eta zabaltzen hasi garelako. Hor dagoz, besteak beste, Aterabidetik dispertsiometraia, asteon Lekeitioko Euskal Zine Bileran be proiektauko dana, eta testu honen aterpe dan webgunea bera, sarekideen alkargune birtuala izateko bokazinoa daukana. Baina gure erronka nagusia kalean dago. Asko zarie gure urteroko hitzorduetara borondatetsu zatozienak, presoen eskubideen urraketa salatu eta gure agintariei behar dan moduko erantzuna emon dagien esijitzeko. Biba zuek! Baina badakigu gu gehiagoren beharra daukaguna. Gernikar gehiago behar doguz dispertsinoa amaitu daiten eskatzen, eta horretan zailtasunak topau doguzan arren, horixe dogu erronkarik naguesiena: gaur ez dagoan jentea gugana hurreratu eta danok batera, abots ozenagoz aldarrikatzea presoen hurbiltzea. Badakigu urteetan altxautako hormak bota eta deskonfiantzaren sasiak moztu beharko doguzala, baina prest gagoz ahalegintzeko. Eta zu behar zaitugu. Zuek gura zaituegu. Hareek ekarri behar doguz.

Aurten kirolaren mundua gura dogu gonbidatu, aldarrikapen nagusi horri euren ekarpena egin deitsien. Kirolariak badaki zer dan erronka gatxenetan aurrez egin beharreko lana eta bota beharreko izerdia. Gernika-Lumon kirol-esparru ugari dagoz martxan, osasuntsu, eta dudarik ez dago gernikarren eguneroko bizitzan eragin nabarmena daukan esparrua dana. 2016an musikariakaz eta tabernakaz batera antolatu gendun Hurbildu eguna lako bat daukagu buruan. Egun oso bat kirolaren bueltan, adin guztietako herritarrak parte hartzera deituz, dispertsinoa jokoz kanpo izteko ahalegin betean! Kirol desberdinak, kokaleku desberdinetan. Hori antolatzeko hasikeratik gura doguz kirolagaz lotura daukien sarekideak aktibau, aurrerago esparru horretan dagozan bestelako eragile batzuk inpliketako. Denboraldiko kirol-erronka prestatzen dauanak lez, udagoien-neguan lana ondo egin, eta udabarrian emoitzak erakusteko irrikitan gagoz.

Beste asmo polit bat be badaukagu: 30 urte betetera doan dispertsinoari aurpegia imintea. Zein da aurpegi hori? Zuona, hiru hamarkada honeetan etxetik kartzelara eta kartzelatik etxera bidaiak egitera kondenatuak egon zarien gernikarrona. Hilabeteetako lana izango da, argazkigintzan eta irudian adituak diran sarekideakaz egin gura dogun lana, eta ekaina bueltan egin ohi dogun mobilizazinoan aurpegi horreek guztiak erakutsiko geunkez. Emoitza asmoa baino ederragoa izango ete da!

Eta horreek eta gehiago egingo doguz. Lanerako prest? Goazen ba, amaitzen hasi beharko da eta!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude