Agur, ohore eta eskerrik asko, Julen!
Agur, busturiar agure maitagarria. Agur irakasle zintzo, euskaltzale sutsu eta ekintzaile nekaezina. Adiorik ez 82 urte iraun dauan bihotz handi hori. Azken 8 hamarkaden lekuko ahaztezina. Abade zinela, eta gaurko demokratek ofizialdu aurretik be, frankisten kartzela eta dispertsinoa ezagutu zenduna Zamoran. Eta azken hatsa emon arte, gaur beste askok jasaten daben dispertsinoa amaitzeko alkartasuna erakutsi dozuna, gugaz Busturian eta Gernika-Lumon, besteak beste. Ez adiorik, Julen.
Ohore, Burgosko Prozesuan epaitutako abade antifrankistari. Kartzelan jasandako tratu txarrak 40 urte beranduago epaile baten aurrean kontau ahal izan dauzanari. Ohore AEKn gidaritza hartu eta Euskal Herria Korrikan jarri eban ekintzaileari. Ohore Egin, Egunkaria eta ikastolen sorreran inurri lanetan ibilitako militanteari. Umezurtzen aberria autobiografia aurkeztu barritan, aberria umezurtz itzi dauanari. Ohore, Kaltzada jaunari.
Eta eskerrik asko, Julen. Euskal Herria aske, solidario eta euskaldun baten alde urte luzez egindako borrokagaitik. Eskerrik asko, injustiziaren aurka erakutsitako duintasunagaitik, eta herrigintzaren hainbeste ertzetan eskuzabal eta eraginkor aritu zarelako. Etorkizuna zor deutsugu. Dispertsinoa amaitzea lortuko dogun egunean, presoak etxera ekarriko doguzan egunean, Euskal Herria aske eta euskaldunean biziko garen egunean, zugaz be gogoratuko gara, zelan ez, eta barriro esango dogu: eskerrik asko, Julen.
SARE Gernika-Lumo
Utzi erantzuna