Parisetik etxerat

Faustino Villanueva Herrera "Txapu"

Badakizue zer erraiten (esaten) zuen Pierre lafitte Euskaltzaindiko kidea zenak bere euskal gramatika liburuan? Bada, diferentzia kurios bat egiten zuen “etxera” eta “etxerat”en artean. Beraren arabera, denbora espazioaren datzala ezberdintasuna zioen; hona hemen adibidea: “etxera” noala erraiten denean, beratara joan eta fite bueltatuko naizela erran nahi du; “etxerat” noala”, ordea, bertara joanen naizela eta berriz ez naizela bueltatuko erran omen du.

Bere azalpen hauei atxikitzen badiegu, 1977ko amnistiaren lortu aitzin “Presoak etxera” zen aldarrikapen nagusia. Beraz, “amnistia” lortu, lortu izan zen; baina, handik gutira kartzelak berriz ere betetzen hasi ziren. Beraz, egiazko amnistia izan zen hura? Bada, ez, afera politikoki ez baitzen konpondurik egon, Lafitten dramatika liburuari atxikitzen (eusten) badiogu.

“Presoak etxerat” honek, ordea, eta beti ere Pierre Lafitten arabera, presoak etxera bueltatuko direla, zinezko “amnistia” baten ondoren; hau da, negoziaketa-edo baten ondorioz, auziari politikoki irtenbide serio bat eman ondoren.

Honekin hasi nahi izan dut zuek eskaturikoari, kontua aski konplexua iruditzen baitzait; guti gorabehera, zeren gibelera (atzean) joan edo zer lortu beharko genukeen aldez edo moldez (nolabait) azaltzeko, “nihaurren” iritzia izanik ere. Egia da urte luzetan ibili naizela iheslari; eta, ondorioz, zenbait egoera ere ezagutu dut borroka luzetxo honetan. Nik hiru partetan zatituko nituzke egoera horiek: frankismoaren aroa (garaia), 1977ko amnistiaren ondokoa eta Aljeriako ETA eta Espainiako gobernuaren arteko “solasen” ondoan sortu izan zen egoera.

Garai horietan sobera sakondu gabe, Frankoren garaia gogorra izan bazen Euskal Herriarentzat, gerokoak ere ez ziren txantxetakoak izan; are gehiago, pixkanaka gero eta gogorragoak izan ziren eta dira, bistan dena.

1972. urtean Francoren garaian, alegia, heldu nintzen Iparraldera. Orduan Iparraldeko eta Frantziako jendea, batez ere ezkertiarrak, aski sentsibilizatuak zeuden frankismoaren bortizkeriaren ondorioz. Halere, Frantziako garaian garaiko gobernuarengan, nehoiz ez nuen Frantziako herriak zuen sentsibilizazio hori ikusi; frankismoaren garaian zein gerokoetan, beren jarrera berdintsuak izan baitziren beti: Euskal Herriarekin zerikusirik zuen guziaren kontrako erantzun bortitzak, latzak, gogorrak.

Zenbat gose greba eta mobilizazio egiten genuen garai hartan iheslariok eta inguruan geneukan jende guzi horrek Iparraldean bizi ahal izaiteko eta presoen alde? Pilo bat, eta etengabekoak; eta zein izan ziren Frantziako garaian garaiko gobernuaren erantzunak: konfinamendua, kartzela eta errepresioa, ahantzi gabe Espainiako gobernuaren aldetik etengabeko bortizkeria; hala nola, gerla zikina, hau ez baita Gal delakoarekin hasi, anitzez lehenago baizik: Batallon Vasco Espanol eta triple AAA kasu (adibidez).

Garai guzi honetan babes handia ukan (izan) genuen bai Iparraldean bai Frantzian eta Europa osoan; ahantzi gabe, bistan dena (noski), Bretainian eta Korsikan. Manifestaldi handiak egiten ziren leku guzietan, baita Parisen ere, garrantzitsuena eta deigarriena, Txiki, Otaegi eta Grapo delako militanteen “herihotz-zigorrari aurre egiteko, non mobilizazio handienetarikoa Parisen egin zen.

1975ean Franko hil eta garai aski nahasia bizi izan genuen, ez zen egoera biziki aldatu Euskal Herriari dagokionez. 1977Ko “amnistia” eman eta bi pario egon ziren: Husketa demokratiko delakoaren alde egin genuenok, eta frankismoaren egituren gainean eraiki nahi zuten espainiar Konstituzioaren alde egin zutenak. Bigarren pario honek gehiengo absolutua ukan zuen.

Aro honetan ere, orduko frantziar gobernuak ez zuen gure alde fitsik egin, konstituzio hura Espainiako armada, guardia zibila eta frankisten kontrol zorrotz baten pean egin zutela jakinik ere. Famatua izan zen garaian “La joven democracia Espanola” delakoa Europa osoan; baina, nik uste, Europa hartan ez zen gaitasunik-edo afera (kontu) hau sakonki aztertzeko.

Eta hona heldurik, nola ez aipatu Katalunian gertatzen ari dena? Ez ote da bertako azken gertakarietan “Konstituzio” horren ondorioak klark (argi eta garbi) ikusten ari?

Hemendik goiti beste aro batean sartzen gara, aro gogorra baino gogorragoan. Honetan Frantziako jarrera iheslariekiko gogortzen da: Gal, deportazioak, kartzela zigor luzeagoak. . . Hemen aipatu behar da Gal-en aktibitate zikinen aitzinean frantsesek ezikusiarena egin zutela; baita konfinamenduak eta deportazioak ere Espainiako gobernuaren agindu pean egin zituztela, Frantziako gobernuak bestearen morroiarena eginenez.

Nik, bederen, ez Iparraldean ez Frantzia osoan, iheslarien aurkako errepresioan, ez nuen garai hartan bertako alderdi sozialisten eta eskuindarren artean diferentziarik ikusi; denek “La joven democracia espanola” ren alde egin zuten, eta nola egin ere.

Egia da denbora honetan Ezker Abertzaleak, iheslariok eta presoek egoerari eusteko gaitasuna ukan genuela. Aitzinean (aurrean) geneukan munstroa, ordea, sobera handia eta izugarria zen; eta, lehen aipatu bezala, gure kontrako eskuetan zeuzkaten baliabide guziak erabiliz, azkenean ahultzen hasi eta estrategiaz aldatu behar izan genuen.

Nik garai guzi horietan ez nuen Frantziako gobernuen aldetik gurekiko aldaketarik sentitu, egoerak gero eta gogorragoak ziren, gobernuen errepresioa, bertan zegoena alderdi politikoa zegoela, berdin-berdina zen.

Bortizkeriaz aipamen bat: betikoei ezarri diete beti bortizkeriaren ikurra. Hau, ordea, barrikadaren bi aldeetan suertatu da borroka honetan. Kontua da “erruduna da beti aurrean dagona” ; eta honelako jarrerak ukaiten direnean, alde batekoek zein bestekoek gorrarena egiten dute, eta, azkenean, nehork (inork)ez du amore emaiten (esten).

Gauzak honela, eta egoera hura desblokeatzeko, baten batek amore eman behar zuen, eta, honela, gaur egunera gatoz.

Duela bost urte jada, Ezker Abertzaleak pausu hori eman zuen. Harrez geroztik, gertaerak bata bestearen gibelean (atzean) etorri dira: Bilduren sorrera, ETAren baldintzarik gabeko suetena, egoera desblokeatzeko Europan sortu zen bitartekari kolektiboa, “Bakearen artisauak” delako taldea. . .

Zer esanik ez, aipatzeko ere bada eten gabe mugitzen ari den beste zenbait jende ezagun, presoen egoera eta gauden impasse eta ataka honetatik ateratzen laguntzeko prest dagoena; hala nola, Iparraldeko zenbait auzapez (alkate), hautetsi ezagun eta bertako hainbat jende notable, politiko, pertsonalitate eta, nola ahantzi,“Herria” bera! Eten gabe han eta hemen mugitzen ari den Herri Xume hori, abenduaren 9an ere bertan egonen dena.

Francoren garaian zegoen mugimenduarekin konparatu ezin bada ere, bistan da zerbait inportantea mugitzen ari dela han eta hemen. Espainiako gobernuak betidanik ukan du Frantziako garaian garaiko gobernuarengan aliatu garrantzitsu bat; nik, behintzat, horrela ikusi eta sentitu dut etengabe (baita horren ondorioak ere hurbil-hurbiletik jasan ere). Azkenaldion, ordea, mugimendu kuriosoak sentitzen ari dira.

Begi bistan da Europa osoan eta, beraz, Frantziako hexagono delakoan ere, alderdi ezkertiar guziek herriari bizkarra eman ziotela aspaldi. Zein diferentzia dago,bestela, Frantziako alderdi sozialista eta eskuindar alderdien artean? Halaber, badago diferentzia handirik PSOE eta PPren artean? Ez dut uste, ez, bederen, Katalunia eta Euskal Herriari dagokienez.

Ez dut dudarik, alderdi ezkertiarren jarrera faltsu horren aitzinean, Frantzian, Europa osoan bezala, badagoela oraindik ere ezkertiar kontsient eta kontsekuente bat; eta lepoa eginen nuke gaur egunean horiek Euskal Herrian zein Katalunian gertatzen ari dena lupan ere jarraitzen ari direla.

Hortaz, nola ez da, bada, “abenduaren 9”ko Pariseko mobilizazio hori garrantzitsua izanen? Ziur naiz horietako ezkertiar, bretainiarar eta korsikar anitzek parte hartuko duela bertan, horiek ere gure bidez Europa basati hau aldatzeko itxaropenak dituztelako. Gainera, ezin dugu jende guzi hau baztertu, zeren eta, beraiengandik laguntzaren bat behar izan dugunean, beti ere present egon baitira, batzuek gartzela ere ezagutuz guri laguntzeagatik. Laguntza eta presentzia horiengatik bakarrik, merezi dituzte gure eginahalak.

Ez dago ahanzterik ETAk armak entregatu zituen egunean, Frantziako gobernuak Espainiakoari eskatu ziola oztoporik ez ezartzeko; eta, ondorioz, gauzak ongi atera eta egun polita izan zen. Honek erran nahi du hemengo Gobernuak Hangoarengan eragin handia daukala.

Biziki (oso) inportantea da abenduaren 9ko manifestaldia, orain dela guti Pariseko Herriko Etxean hartutako Euskal Herrian bakearen aldeko erabakiarekin batera, Frantziako gobernuak ezinen du beste aldera begiratu, zeren eta errealitatea aitzin-aitzinean ukanen baitu.

Hala ikusten dut nik Euskal Herrian zein Frantzian egon den eta dagoen panorama. Uste dut bide zuzenetik goazela, eta guk jendea ekitaldietan parte hartzera animatu behar dugu, nahiz eta guhaurren Herriak non daukan burua eta zer egin behar duen dakien, biziki ongi jakin ere.

Hortaz, eta Pirre Laffiten azalpenekin fidel izanik, EUSKAL PRESOAK ETXERAT!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude