Osasuna hankamotz espetxean

Leire Gonzalez Enbeita

3 kasu antzeko eta oso desberdin:

 

BAT:

Minik gabe etorri zitzaizun. Ezkutuan. Poliki-poliki hazi da. Zabaldu da. Minik gabe hasi zenak min bizia ematen dizu orain. Zorigaitxezko minbizia. Kimioterapiari ondo erantzun diola esan ohi dute azken emaitzek. Gaur azken zikloa. Nekatuta baina itxaropentsu zaude. “Gaindituko dugu” diotsu senarrak ospitalera bidean. Estu heltzen zaitu eskutik. Une batez, mina baretzen zaizu.

Gela txikiegi geratu zaie bularrean etengabe ugaltzen ari zaizkizun zelulei. Radioterapia beharrezko zenuela esan zizuten onkologoek. Gaurko sesiora eraman behar zaituzten poliziak ez dira agertu. Agian makina puskatu da berriz ere. Agian ez da inoiz puskatu. Oraindik eskumurrutetako mina duzu ospitalera egindako azken bidaitik. Estu heldu zintuzten eskuburdinek. Une luzez, mina areagotzen zaizu.

BI:

Gaur hiru hilabetero egiten dituzun analisien emaitzen bila etorri zara. Gluzemia mailak hobetu zaizkizu. Zorionak! Neumologoak egindako azken tratamendu aldaketei buruz zenituen zalantzak argitu dizkizut eta Sintroma behar den balio-tartean duzula azaldu. Tentsioan gora-beherak dituzunez kontrol zorrotzagoa egingo dizut. Datorren astean etorriko zara.

Azken lekualdatzearen ondorioz okertu egin da zure osasuna. Toki heze honetan arnasteko zailtasun handiagoa duzu. Belauneko mina ere areagotu egin zaizu. Erresonantzia burutzeko asmo ona lekualdatzearekin batera desagertu egin da, baita zure informe kliniko guztiak ere. Toki berri honetan fruitu eta barazkien urritasuna eta grasen ugaritasuna nagusitzen dira. Elikadura desegokia hiperlipidemia, edo, kolesterolari aurrre egiteko. Patioa estalita dago eta txikiagoa da. Zenbat buelta eman beharko dizkiozu egunean arrisku kardiobaskularra gutxitzeko?

HIRU:

Gaur zitarik gabe etorri zara niregana. Urduri zaudela esan didazu. Ezinegona igarri dizut atetik sartu bezain laster. Azken gertakariak kontatu eta barruak hustu dituzu. Berriro ere egoera berdinean zaude; laguntza behar duzula aitortu didazu. Luzaro aztertuko dugu zure egoera. Beharrezko tratamendua erabakiko dugu.

Zeldako lau hormak gero eta altuagoak dira, gero eta gehiago estutzen zaituzte. Oihuak entzuten dituzu etangabe. Ez dakizu nundik. Psikiatrak zurekin telefonoz hitz egitea lortu du. Ez duzu gauez lorik egiten. Ez dakizu noiztik. Gela estuagoa da. Oihuak ozenagoak. Tratamendua aldatuko dizutela esan dizu, baina betiko pilula larrosa duzu gaur gosaltzeko.

 

Familia eta Komunitate Medikuntzako medikuok familia osoak artatu eta komunitatearen osasunaren alde egiten dugu lan. Familiak ezagutzen ditugu, komunitatea osatzen duten norbanakoak eta antolatzeko eta harremantzeko dituzten espazioak eta moduak. Lehen arreta eskaintzen dugu. Aurrez aurre zein telefonoz edozein zalantza, min, beldur eta behar bihurtzen dira kontsultatzeko arrazoi. Kontsulta batzuek hasiera eta amaiera izaten dute; beste batzuek, aldiz, gure jarraipena edota beste espezialista batzuen jarduna behar dute. Osatzeaz, eta batez ere, prebenitzeaz eta gaixotasun kronikoen jarraipena egiteaz arduratzen gara.
Baina zer gertatzen da komunitate horretatik aldentzen garenean? Zer eragin dauka osasunean aldentze horrek? Munduko Osasun Erakundearen arabera osasuna ongizate fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren arteko orekaren emaitza da.

Preso egotean ia erabat mugatzen dira harreman sozialak. Pentsa ezazue, gainera, zure komunitatetik ehundaka kilometrotara urrunduz gero. Elkar osagarriak diren hiru zutabeetako baten ausentzian -ongizate soziala- osasuna hankamotz gelditzen da.

Presoak, bestetik, espetxeko arauetara eta mugetara egokitu beharrak ondorioak izan ditzake ongizate fisikoan. Espazio itxietan bizitzera moldatu behar dute presoek; zelda itxi eta txikietara, horma sendo eta altuetara, patio itogarrietara… Grisezko eskalara egokitzen dira haien begiak, argi artifizialera. Zaraten eta oihuen dezibelio altuetan galtzen da haien entzumenaren zorroztasuna.

Gehitu diezaiegun gainera aurreko ondorio fisikoei gugan gorpuztu daitekeen edozein gaixotasun. Patologia arin bat espetxean erantsitako zailtasun bihur daiteke; patologia larri bat, berriz, ebatsitako aukera bat.
Espetxe askotako laguntza edo asistentzia medikoan egungo praktika klinikoan ezin onar litezkeenak jazotzen dira: gaixotasun infekiosoen prebentziorako eta patologia kronikoen jarraipenerako protokolo gabezia, lekualdatzeetan informe medikoen galtzea, gaixotasun larri askoren diagnostikoa atzeratzea kontsulta edo proba osagarrietarako ohikoa baino itxaronaldi luzeagoa izateagatik… Nabarmentzekoa da, gainera, kontsulta edo azterketa mediko horietan ematen den konfidentzialtasun- eta intimitate-eskubideen urraketa.

Bestalde, konfidantzazko profesionalen asistenzia mugatuta dago ia euskal presoen kasu gehienetan. Nahiz eta espetxeko legediaren arabera presoek eskubidea izan espetxe kanpoko laguntza medikoa izateko, gehienetan segurtasun arazoak aitzaki debekatu egiten zaie, eta konfidantzazko profesionalen jarduna telefono dei edota gutunetara murrizten da. Dispertsioak are konplikatuagoa egiten du konfidantzazko medikuen jarraipena.

Azkenik, osasun mentalari dagokionez, aipatzekoa da azken urteetan egondako kasuen gorakada (depresio larriak, antsietate egoerak, transtorno bipolarrak, eskizofreniak… ) Euskal presoek eta haien senideek bizi duten dispertsioa, isolamendu egoerak, jarraipen mediko egokia egiteko ezintasunak, espetxeko etengabeko tentsio egoerak… eragin zuzena dute horretan. Tratamendu egokiak eramateko edo tratamenduen aldaketak egiteko trabak, edota aipatutako konfidantzazko psikiatra eta psikologoen jarraipena izateko zailtasunak are larriagoa egiten dute preso gaixoen egoera beraien burua erabateko arriskuan jartzeraino kasu askotan.

Espetxean beraz, eta berriro ere, MOE-ren definizioari erreparatuz, presoen ongizate fisiko, psikologiko eta sozialaren etengabeko desoreka dagoelarik, osasuna hankamotz gelditzen da.

Gaixotasun ezak ez dakar nahitaez osasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude