ATERABIDETIK bira Katalunian

Amaitu dugu ATERABIDETIK bira Katalunian. Ostiraletik hasita eta atzo goizaldean Gernikara helduta, bidaia intentsoa eta interesgarria izan dugu, benetan.

Ostiral arratsaldean Reus-era heldu, eta jarraian Radio Terran elkarrizketa egin ziguten; ondoren kotxea berriz hartu, eta, Tarragonara abiatu ginen lehen emanaldi-solasaldia izatera.

Larunbatean, hitzordu bikoitza izan genuen; izan ere, Gironan izan genuen emaldia aurrena, eguerdian, eta arratsaldean Bartzelonako Gracia auzoan bigarrena.

Igandean, berriz, Lleidan izan ginen etxera bueltako bidean geldialdi emankorra izateko: Lehen lana, Lleidako El PuntAvui-ko kazetariarekin elkarrizketa izan zen, eta, jarraian, Catalunyako lau hiriburuak asteburu berean ATERABIDETIK dispertsiometraia zabaltzeko lanari ekin genion barnekaldeko hiri hontan.

Orokorrean esan dezakegu, hurbildu diren lagun katalandarrek begi onez hartu dutela 30 bat gernikarren artean egindako proiektu koral hau; eta, hortaz gain, bere benetako mezuari – dispertsioaren errealitatea ikusarazteko bideari- arretaz eta ikusmiraz heldu diote. Azken finean, errealitate bera pairatzen baitaude, tamalez.

Praktikoki, astelehen goizaldean heldu gara; baina kontzienteak gara guk asteburu hontan egin duguna hainbat senide eta lagunek astebururo egiten dutela -askoz ere baldintzaturik- haien hurkoekin minutu batzuk egoteko. Horregatik, jendea bidetik ateratzeko aterabideak bultzatzen jarraituko ditugu, bai horixe!

Gure partetik, ostegun hontan, hilak 22, Larrabetzun dugu beste saio bat, eta, martxoaren 2-an (ostirala) arratsaldeko 19,30-etan ASTRA-n, “azken emanaldia izan dadila” ekitaldia burutzearekin batera, ikus-entzunezko proiektu honi amaiera emango diogu, baina berri bati ekiteko.

Dispertsioa amaitu beharreko pelikula delako. Guztion artean lor dezakegu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude