Aste Santuetako oporretako bidaia baldintza berezi batean

Txabi Txakartegi Etxebarria

Han hemenka gabiltza maletak eta poltsak betetzen eta antolatzen. Zer sartu maleteroan eta zer eraman automobileko atzeko eserlekuetan edo soinean. Aitortu egin behar dut Aitor ni baino askoz ere ordenatuagoa dela, gutxienez, jabetzeko zer izango den beharrezkoa eta zer ez. Eta hori, beraren aurreneko bidaia denean,  nik askotan, galduta daukat kontua, egin dudan bitartean.

Tira, ea ondo lo egiten dugun. Bihar, goiz goizetik, Puertorantza abiatuko gara, Salamankatik behera, Mila eta ehun km. Gauerako han egongo gara, afaldu eta lo egingo dugu 4 egunerako hartu dugun betiko ostatuan. Hurrengo eguneko lehenengo orduetan, aita bisitatuko dugu espetxean. Oraingo honetarako, eguraldi apartak daude iragarrita Cadiz inguruan. Arratsaldeetan, hondartzara joateko asmoak ditugu Aitor eta biok, eta, gero, txikito edo birra batzuk hartuko ditugu afaldu baino lehen. Oraingo honetan, dirudi perfektuak edo ia perfektuak izango direla Aste Santuko oporrak. Honelakoa da egitasmoa 4 egunerako. Bostgarrenean, atzera gorantza.

  • Jode Maite, diost Aitorrek, eduki duzue pazientzia hainbeste urtetan horrenbeste opor eta asteburu modu honetara ibiltzeko, eh!. Eskerrak laster geratuko dela libre.
  • Ba, asteburu asko urtean zehar eta oporren zati handi bat. Aste Santuko 5 egun gorrizkoak, den-denak uste dut nik ibili garela modu honetan. Kontu egizu gure amak izan dituen bidai-kopuruan. Nik egindakoak bikoiztu ez, hirukoiztu egiten ditu. Eskerrak oraingoan kasu egin digula eta etxean geratuko dela. Beno, zu gustura zatoz, ezta?.
  • Hori ezta galdetu ere. Gainera, plana gustatu egiten zait. Bisita espetxera eta oporretarako plana gero. … Ta ta ta….
  • Urruti dago, baina …, Gero eta urrutirago. Baina alde positiboa ikusi behar da. Gauza da ni beti-beti-beti ez naizela oso pozik joan. Direla 8 urte hurbilago zegoen espetxea, baina plana gogaitzekoa zen. Nebarekin jolastu, eta jolastu, eta …, segituan gogaitu arte.
  • Gainera, oraingoan nirekin zoaz.
  • Baita. Baaaaleeeeee!.

 

 

 

  • Nirea!. Igo sarera Leireeee!.

Leirek, sare-gainetik jaurtitzen du nire baloia eskuineko eskumuturrarekin, eta arerioek ez dute aukerarik baloia itzultzeko. Amaituta dago partida. Aldagelan, bolei-taldeko lagunak, pozarren partida irabazi eta gero, Aste Santuko oporrei buruz hitz egiten ari dira:

  • Gu aurton Kanarietara joango gara 8 egunerako, dio Amaiak.
  • Gu ere bai, Lanzarotera, Maddik.
  • Ni Benidormera joango naiz izeko-osaba eta lehengusuekin. Han biltzen da Gernika ia osoa data hauetan, Aroak.
  • Gu Gernikan geratuko gara. Hemen ez da ia inor geratzen, baina Lekeitiora egiten dugu pare bat txango, beste bat Bermeora, …, eta ondo pasatzen dugu, Izarok. Zu bai zapran, eh Iraide!, Euskal bolei-selekzioarekin Toulousera, beste lekuetako jokalarien aurre jokatu, jende berria ezagutu eta adiskidetu… Bueno, bueno…. Eta zuk, Maite?. Non dago Maite?. Nork jo du ateko danba hori?.

Maite negarrez atera da aldagelatik jenio bizi bizian, eta etxerantza abaiatu da aringa-aringa.

  • Ama, zergatik joan behar dugu oporretan ere bai aita bizitzatzera?, jaurti dio amari, Leirek azken tantoan baloia astindu duena baino fuerteago, ez da nahikoa asteburuetan egitea?. Bestela, Mikel eta zu joan zaitezkete oraingoan; eta ni, hurrengoan joango naiz. Honela, izeko eta lehengusuekin joan naiteke Nafarroara.
  • Tira, badakizu aita ze pozik jartzen den hirurok batera ikusten gaituenean.
  • Baina aitak batean baino gehiagotan esan izan du ez dela beharrezkoa hirurok joatea.
  • Horrela da, baina ilusioz gainezka ipintzen da goazenean. Eta joan egingo gara!.
  • Sikiera Guadalajaran zeozer balego arratsaldetan zerbait egiteko. Baina bisita egin eta gero datozen orduak hiltzeko modukoak dira. Mikelekin jolastu, ze plan ederra!

Bego beti dago berdin, gauzak laster hobetu egingo direlakoan. Maite ere beti dago  berdin berdin, baina egoera gero eta okerrago ikusten.

 

 

Ostiral gaua da eta autobus txikia abiatzeko zorian dago. Lanetik irtetzeko baimena izan ohi dut eta, horri esker, astia dago amaginarrebaren etxera joateko eta han dauden seme-alabak atontzen eta ekipajea egiten laguntzeko. Itziarrek ia dena prest edukiko duen arren; betiko moduan.

Mikel gaixorik egon da joan den astean, baina badaramatza 5 egun sukarrik gabe. Hauxe izango da aitari bere lehenengo bisita. Bidaia luzea da, mila kilometro pasa joan-etorria, eta ez dut nahi osasun-arazo txikiarekin ere eramatea. Itziarrek, nire amarekin hemen uzteko esan dit, baina ilusio handia dut bere lehenengo bidai honetarako. Zortzi hilabetekin bada garaia aita eta semea elkar ezagutzeko.

  • Ze ondo, Itziar eta Bego, gau neba-arreba biekin zatozte, diosku ohiko bidai-lagun batek.
  • Bai, primeran, diot nik, ea zer moduz moldatzen garen. Ume biak ondo egonez gero gu ere horrela egongo gara. Eta, zer esanik ez, aita…..
  • Ea txikiak Maiteren moduan aguantatzen badu. Bost urte bete barik helduak baino helduagoa dirudi, dio preso baten aitak.

Maitek badu, bai, eskarmentua asteburuetako bidaietan, 15 hilabetetan 10 aldiz baino gehiagotan egin baititu. Txintxo-txintxo joaten da amumarekin, bere aldameneko eserlekuan, ipuinak kontatuz eta ume-kantu zaharrak abestuz. Bere adineko beste umeren bat ere askotan egoten da autobusean eta, orduan, bidaia atseginagoa egiten zaio Maiteri, eta gu ere lasaiago egoten gara. Ezin gara kexatu, Maite txabala oso ona da. Pena ematen du asteburua honela pasatzen ikustea, are gehiago bera hain alaia eta eskerronekoa denean. Ea honela irauten duen, asunto hau luzerako doala pentsatzen dut eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude