Gazteak eta dispertsinoa
Denboreagaz, umetatik tabernako horman ikusi doguzan aurpegi horrenganako hurbiltasun eta maitasuna handitzen joan da, eta horregaz eurak ezagutzeko gogoa. Gogoa eta beharrizana. Tortilla preparau –kostata baina– , paparrak tuperrean sartu eta bagoaz Lopidanarantz barriro, bidean Larrabetzutik pasau ostean. Kepa Arronategi bisitetan goaz; Almerian dago, 950 bat kilometrora. Biaje luzea da, baina egueneko ajeak lo egiten lagunduko deuskula espero dogu. Bocegillasen bokadiloa jaten hasi eta gatz apur bat faltau jakola igarri dogu, baina, bueno, jan lei. Hortik aurrera, lo-edo egin dogu Almeriarainoko bidea.
Andra bategaz batera, goizeko lehenengo bisitea toketan jaku. Paketea sartzeko bete behar dan papela betetako, funtzionarioak boligrafoa itzi deusku, eta bueno, biajea apur bat amortizetako boltsikoan amaitu dau boligrafoak. Halanda be, barrura sartu orduko erregistroan pasau behar genduan metalen detektagailua nibel altuenean jarri dabe gu pasau aurretik, boligrafoa detektau dau-eta. Eskerrak funtzionarioak umorez hartu dauan!
Barrukoa beste mundu bat da. Inoz ikusi ez dozun Tolosako preso politikoa umetatik ezagutzen dozun lagun bat izango balitz moduan agurtzea… eta atzetik Kepa. Telefonoa hartu eta irribarrea galdu be egin barik 40 minutu. “Asteburuetan bisiteak emoten deustan poztasunagaz ziegatik urten be ez naz egiten” bere komentarioa; hori entzutearren bakarrik merezi izan dau bidaia guztiak. Urtekeran, kasualidadez, bi euskal presoen paketeak ahaztu dabez funtzionarioak, baina itxaroten gagozala kondenea laburtzeko “lan boluntarioak” egiten dabizen presoetako bategaz berbetan hasi eta Kepari gorantziak emoteko eskatu deusku, beragaz egon zanean pilo bat lagundu eutsalako Kepak, baita riñonera bat erregalau be.
Kanpoan Iruñetik semea ikustera etorri zan andrea dago zain, hile osoan bere semea besarkatzeko euki dauan aukerea topera aprobetxau ostean burua hurrengo bisitan. Orain gugaz furgonetan etorri diran besteak bisitea euki arte itxarotea toketan da, barriro Euskal Herrira bueltau aurretik. Larrabetzukoak kartzelan batu eta bagoaz bueltan.
Goizaldeko hiru t’erdiak dira eta Lopidanara heldu gara, danok lo. 2000 kilometro egin ostean, orain kotxea hartu eta kopilotoa konbertsazinoa emon beharrean doa, txoferra lo ez gelditzeko. Bostak bueltan etxera heldu gara; bidaia gogorra, baina merezi izan dau. Eskerrak osasun apur bat mantentzen dogun, gugaz batera bisitea euki daben batzuk kotxean bajau behar izan dira-eta gaixotasun baten erruz furgonetan ezin diralako bajau.
Zoritxarrez, antzeko istorioak oso ezagunak dira gure inguruan. Hau guztiau sistema errepresiboaren barruan kokatzen dogu, militantzia politikoari aurre egiteko mekanismo moduan. Honen aurrean, hainbestetan bere alkartasuna erakutsi dauan borroka komunidade honi proposamen bat egiteko asmotan gatoz. Kilometroen sama astuna apur bat arintzeko, konpromiso txiki batzuk hartzea: asteburu bakotxean txanda batzuk banatzea danon artean, batak barikuko bokadiloak preparetako, besteak Lopidanara eroateko, hurrengoak bueltan jasoteko, etab. Detaile txikiak, sistema errepresibo hori amaitzen dogun bitartean bidea errazteko balioko deuskuenak.
DANAK ETXEAN EUKI ARTE, JO TA KE!
Utzi erantzuna