Xabier Rey. Ez gehiagorik!

Josu Barandika Zubiaga

Oso gogorrak izan dira azkeneko hamar urte hauek Xabierrentzat, bizkorra, herri minak zirikatua, askatu beharreko herrian libre bizi nahian, solidarioa izan den gazte alai honentzat. Oso mingotsak bere senide eta bere hurbileko  komunitatekoentzat. Torturatua izan ondoren, lege guztien kontra, auto inkulpatua, epaitua eta jarraian kondenatua. Preso, 1.000 km.ra urrundua eta sakabanatua, isolatua, sufrikarioa bere hurbileko guztietaraino helarazita, 10 urteko tortura iraun ondoren, espetxe politika pean, Xabierrena, ardura politiko batek eragindako heriotza izanen da, ez berez datorren zerbait, erditik kendu arazitako pertsona bat baizik. “Latza” izaten jarraitzen du askatasunaren bidea bizi eta izan nahi duen Euskal Herriarentzat.

Izan ere, badira Xabierrena ez ezik, beste hilotz batzuk ere Euskal Herrira ekarri izan direnak Estatu Espainoleko lekutako infra-gizatiar baldintzetako ziegetatik, hala nola Kepa del Hoyorena (Badajoz)  edota Arkaitz Bellonena (Puerto I), urrun joan barik ere. Ez dago inolako eskubiderik ez presoak ez eta euren senitarte edota euskal komunitate hau horrela azpiratuta, bortxatuta edukitzeko, ez orain ez eta lehen. Agur eta ohore, Xabier! Dolua eta samina agertzeko uneak ez ezik, zeure kezkaz hausnartzeko ere badira.

Historian oinarritzen den gatazka politiko baten aurrean gaude. Herriaren kontra altxatu zirenek gerra orokor batekin, genozidioarekin jarraitu zuten, Gernika suntsitu eta kunetak hilotzez bete zizkiguten, herriaren izena ezabatu nahian. Bere izena berreskuratzeko sortu zen disidentzia eta herri borroka bera ere birrindu nahi izan zuten era berean, 78.ko Errejimenean “Demokraziaz” mozorrotzen saiatu zirenek, Eskubideen kontrako Salbuespen Estatua inposatuz. Disidentziak ez ezik, euskal komunitateko herritarrak, oro har, konponketa behar zela eta, Aieteko Nazio arteko Konferentziak bide liburua marraztu zuen.

Ez zen Prozedura juridiko baten epaiketa, bigarren Núrenberg batena, adi bide, ez eta beste Eskubide Unibertsalen dekretu edota inoren inposaketa bat. Nazio arteko beste gatazka batzuen eskarmentuan oinarritutako Euskal Herrirako bide plan bat zen. Hau da, beste batzuek euren konfiantzazko “aliatu” edota Eliza Katolikoko lagunen aldetik Euskal Herriaren izena aintzakotzat hartua izatea lortu ez zutena, orain herriko eragileek, pairatu den umiliazio, zapalkuntza eta sufrikario askoren ondorioz, Nazioarteko arrazoizkoa den eskusartzea lortu dute. Lur zoro etiko bat proposatu zen eragile orori, bertoko gatazkaren arrazoiak konpontzeko, berriro ez ditzan horrelakorik suertatu. ETAk, bere aldetik, proposamena onartuz, borroka armatua utzi zuen jarraian, eta sistemaren kontraesan/oztopo guztien gainetik sustraizko/herrikoi urrats zintzoak egin ditu.

Baina delako Espainian dagoen Salbuespeneko Errejimenaren arduradunak, gerra berdinean jarraitzen dute oraindik ere: presoak bahituta, urrunduta, sakabanatuta, tortura erreal batean, erditik kentzen. Gaur egun, zapuzten diren giza eskubide bakarrak, preso eta bere senitartekoenak dira, Madrileko gobernuaren espetxe politika ankerrak eraginda. Libre daudenen mendekua, behar bada!  Argi dagoena da Espainiar Estatuaren errelatoa “garaile eta garaituen” ideian, krudelkerian oinarritzen dela, ez lur zoro etikoan. Rafael Catalá, Justizia ministroak, esan berri du Parisetik, “ez dagoela inolako elementurik beraien espetxe politika mugi arazteko”. Brabo,  lur zoro etikoaren eskatzaileak!

Eusko Jaurlaritzak, ordea, Aieteko bide liburua onartzen du, baina beste batzuei, exijitzen ari zaie lur zoru etikoa, ETAri,  hain zuzen ere, eta ezker abertzaleari, ez bere buruari edota Errejimeneko politika ankerrak oinarritzen dituztenei. Noiztik nora hemen egin diren fusilamentuak, hilketa “sumarisimoak” etab. luze bat justoak izan dira?  Hemen mundu guztiak du bere erantzukizunik, ez bakarrik ezker abertzaleak, jakina. Baina, era berean, esan behar dut inork inor salatu behar badu, ni neuk, behintzat, oso argi daukatela: azpiratuta eta suntsituta gelditu den herria dela. Gatazkaren arrazoiak konpontzeko bideak jarri beharrean, Eusko Jaurlaritzak, ordea, zori txarrez, galgak sartzen ari da abian jarri den makinari. Oso arriskugarria da Espainiar Estatuko agintarien errelatoan erortzea, “onak eta txarrak, justoak eta delinkuenteak, garaile eta garaituen” errelatoan.  Izugarrizko jarrera ergel, bake bidearen kontrakoa, beldurgarria. Aurrera ekiteko, bizikidetza lortu behar da aldez aurretik, lur zoru etiko batean oinarrituta, ez moralkerietan, herriaren kontrako alderdikeri interesatuetan. Eta, hortaz, lehenengo urrats moduan kartzelak hustu behar dira. Arte bitartean, espetxe politika zeharo aldatu behar da, jakina, lur zoro etikoan oinarritutakoa erabiliz.

Euskal komunitateko herritarrak, berriz, aspaldiko herri izatearen borrokari jarraituz, mugimendu indartsu bat sortzen ari dira jendarte osoak bultzatu ditzan beharrezkoa den bizikidetzarako lur zoro etikoa, gero hurrengo urratsak egiteko Euskal Herriak izena berregin eta berridatzi ditzan. Hortaz, herri gintzan, sindikal, kultur, kirol, ekonomi, lurralde antolaketaz, politikagintzan zein Nazioarte gintzan ari diren eragile askoekin, ehule lan isil bezain sendoa egiten ari dira zenbait euskal herritar. Bultza dezagun Foro Sozial Iraunkorra. Bizirik eta indartsu dagoen euskal komunitate honek, galga eta oztopo guztien gainetik, lortuko du “Justizia Trantsizionala”, lur zoro etikoa martxan jartzea.

Xabier, Antxo, zuk ez duzu ikusiko, baina zeu ere parte izan zara, eta isuri duzun odolak geure herriaren askatasunaren uzta ekarriko du! Azkena izan zaitez!

Josu Barandika Zubiaga

Gautegiz Arteaga, 2018-03-12

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude