Kilometroez

Irati Agorria Cuevas

Kilometroez.

Kilometroek erakutsi gaituzte ibiltzen, erortzen, asmatzen, altxatzen eta sarritan: norabidetzen.
Batzuetan, kilometroz zenba ditzakegu gure ardurak, gure borrokak edo beharrizanak. Kilometroz ohi izan dugu gure memoria freskatu, kilometroei begiratzen diegu iraganean, erreparatzen diegu orainaren hausnarketarako eta etorkizuneko nahiak asmatu zein helburuak lortzeko.

Kilometroek sarritan esperantza forma hartzen badute ere, izan daitezke ulergaitz besteetan, amorru forma hartu askotan eta denborak hauek janez, sufrimenduaren definizio bilakatu. Hauetaz hitz egitean ez gabiltza halabeharrez biderkatzeaz ari, hauekin bukatzearen nahiaz ere ari gaitezke, sortzen duten pisuaz, minaz, aldaketa beharraz. Kilometroak bere horretan ardura dira, erabakia, aldarrikapena. Kilometroak antolakuntza dira, bilerak, paketeak, egunak, deiak, minutuak, 40, 4…

Kilometroen gainean lanean ikasteak erraza badirudi ere, ez da lan makala.
Horretan buru-belarri aritzen da Astran egunerokotasunean Sare, asteartero, asanbladaro, erabakitze prozesuro. Kilometroak herritarronak egitearen premian eta nahiean elkar topo egiten dugu, lana ikusaraztean, elkartzean, hausnartzean, komunitatearen parte izan eta horrela sentitzean, ezagutzean, zabaltzean. Astraren esperimentuaren parte da Sare eta alderantziz, beste askok bezala beharrezkoak diren elementuak eman eta kilometroro eferbeszentzian jartzen laguntzen duena, pentsatzen edo birpentsatzen, erratzen eta asmatzen.

Kilometroen lanketaren beharra ezinbesteko bilakatzen da Astran, Saren, Gernikan.
Elkarrekin saiatzen gara kilometroka aurrera egiten aldarrikapenerako, aldaketarako, eskubideen babeserako, nahiak egi bihurtzeko, urraketekin bukatzeko eta beharren gainean lan egiteko.

Kilometroak ordea, astindu beharra dago, astindu behar ditugu, geure egin. Ezin ditugu bere horretan geldirik utzi, mugimendurik gabe, konpromezurik gabe, babesik gabe edo elkartasunik gabe. Ezinbesteko ekarpenak elkarbanatu eta gaur egungo beharren mesedetara egongo den gizarte batera bidean elkar topatzen jarraituko dugu Sarekideok Astrako kilometroetan eta Astrak Sareren kilometroetan edo Gernikako beste hainbeste txokotan, kilometroz kilometro, orain arte bezela gure herriarekiko arduraz tresnak eraikitzeko antolatzen. Sare Astran den bezala, Astra Saren izaten.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude