Zoruak eta zeruak

Sabin Ibazeta Lertxundi

Bonbardaketaren 81. urteurrena pasatu berri da eta oraindik asko dira gezurraren labirintotik irten ezinik dabiltzanak. Helburu ideologiko, politiko eta sozioekonomikoak jarraituz gezur ofizialak errealitate desitxuratu bat eraiki du. Gernikaren kasua XX. mendeko gezurrik nabarmenena bihurtu da, Xabier Irujo historiagilearen esanetan “manipulazioaren adibide arketipikoa”. Ez Egiarik, ez Aitorpenik, ez Justiziarik, ez Erreparaziorik. Frankismoaren akta fundazionala izan zen zerutik abiatutako esperimentu ankerra, izuaren laborategia. Eragin zuen zauria Trantsizioa deiturikoak itxi gabe utzi zuen. Bonbardaketaz gain, hormetan eta bide-bazterretan hildakoak, hilobi komunetan lurperatuak, torturatuak, atzerriratuak, bortxatuak, desjabetuak, ume lapurtuak, esklabo-lana egitera behartuak… ez dira aintzat hartuak ere izan.

Justizia trantsizionalaz (prozesu penalak, arduren depurazioa eta erreparazioa) berba egiten da aspaldi honetan, frankismoaren inpunitateari aurre egiteko, besteak beste. Justizia mota hau erregimen politiko batetik beste batera igarotzen denean aplikatu beharrekoa omen da. Espainian jauzi hori, “Trantsizio” deiturikoa, gezurretakoa izan zen. Beste kolpe latz bat Punto Final deritzon paktuarekin, Espainian estatu kolpea eman eta 40 urteko diktaduraz berbarik ez egitera derrigortzeko. Hau guztia posible egin dutenek (eta isil-isilik egon direnak) orain “zoru etikoaz” ari dira.

Egun, Euskal Herria ataka berri eta garrantzitsu batean kokatu da. ETA desarmatu eta desagertu egingo da. Hainbat hamarkadetan eragindako bortizkeria eta sufrikarioari amaiera emango dio. Gizarte osoa interpelatzen duen egoera bat da, zalantzarik gabe. Bizitakoaren Egia ezagutzeko eskubidea zor zaie biktimei (hori partekatu beharra dugu), arduren aitortzatik abiatuta justizia, erreparazioa eta berriro gertatuko ez dela bermatzeko. Zoru etikoa (barkamena eskatzea, mina egitea txarto egon dela aitortzea, biolentzia inoiz ez zela existitu behar…) denok ibili behar dugu. ETA erakundearen desarmatzea eta desegitea erabaki unilaterala izan bada ere, adiskidetasuna eta bakearen eraikuntza (eta horri lotutako guztia) multilaterala izan behar da, neurri handiagoan, ala txikiagoan, zuzenean ala zeharka asko izan baitira historia honetako aktoreak. Askoren artean (eta askotarikoen artean) jorratu beharko dugu, beraz, iraganarekiko adiskidetze lana. Justizia bertute gisa hartuta  biktimei egia eta erreparazioa bermatzeko, gizartera adiskidetasun integrala eta bakea ekartzeko, tentazio partidistak, edo mendeku grinak baztertu behar ditugu. Asko dago barkatzeko (kontatu eta entzuteko), asko dira egia eta justizia zor zaienak. Horretarako kontatzeko eta gogoratzeko modu anitzak erraztu behar dira, autokritika eta erruen aitortza bultzatuz.  Momentu historiko hau heldutasunez harrapatu behar dugu, transbertsalitatetik, bide luzea bada ere zauriak garbitu eta ixten jardun, errepikatuko ez denaren bermea ainguratu, bakearen bidea ibiltzen hasi. Bizikidetzaren eraikuntza egonkor eta iraunkor horretan iheslari eta presoen parte hartzea ezinbestekoa da. Horretarako pertsona hauen integrazioa erraztu behar da, harreman eta iritzien trukaketa bidez eta agertoki berriarekiko konpromiso argia erakutsiz. Ez diezagula historiak hemendik 81 urtera labirintotik atera ezinean harrapatu, bakearen bidea zolatu gabe. Etikarik gabeko zorua litzateke. Barkatu ezina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude