Bukatu dadila, behingoz, guztientzako eta betiko

Izaro Mendieta Ibarguengoitia

Eguzkia atera da, eta loreek ere hartu dute bere bidea. Hanka artean daukat paper zuria, eta aurrean kotxeen joan-etorria. Urrunean entzuten da Mikel Laboaren Txoria txori abestia, eta, tartean, Gure Esku Dagoren giza katerako gonbitea. Aldamenean daukat sakeleko telefonoa, eta nire buruan, euskal presoen egunerokoa.

Paperean ikusten ditut senideen negar-malkoak, eta bat-batean eman dizkit bihotzak itzelezko ostikoak. Zer idatzi jakin ez, eta hainbeste esateko, zorionez edo zoritxarrez. Eta pentsatzen dut presoengan, halabeharrez.

Prakak ditut apurtuta, eta presoen senideen bihotzak ezin burutik kenduta; horiek baitituzte beraienak erabat minduta. Asko dira eta kartzelakoarekin maiteminduta.

Eta maitasunean daukat orain burua; familiartekoa, senitartekoa edota bikotekidearena. Etorri zait orduan seme-alaben irudikapena; ikusten ditut denak negar-malkoei ezin eutsita. Hartu dute autobusa, eta erne daude leihotik begira. Badakite guztiek bidaia izango dela berriz, astuna eta luzea.

Eguzkia dago orain indartsuago, eta sartu zaizkit niri hotzikara gehiago, pentsaten dut eta presoek ikusi nahiko luketela sarriago. Ziegatik ikusten da eta, iluntasunean baino argi gutxiago.

Kotxeak ari dira bitartean bata bestea baino azkarrago, izango ote dute nonbait gogoa norbait ikusteko? Egingo zuten batzuek Bilbotik Bilboraino, eta beste batzuek, aldiz, Bizkaitik Andaluziaraino. Zein laburra egiten den distantzia bidaia duzunean gustuko; amaigabea egiten da, ostera, burutzea daukazunean obligazio. Are gehiago, egokitu zaizunean zuri izatea zorigaizto.

Entzun dut sirena, eta pentsatu dut: izango ote da senideena? Milaka kilometro, eta kontatzeko hainbat istorio. Bidaian, zenbait ezusteko, eta horietako asko istripu serio.

Izaten dira errepidean ezbeharrak, eta eragiten dituzte horiek bisitetan aldaketak. Izaten dituzte kanpokoek atzerapenak, eta atsekabetzen dituzte penaz barrukoak.

Horiek dira, esaterako, dispertsioaren ondorioak, eta ezin ekidin, behintzat, euskal preso politikoak. Hala izan dira iraganekoak, eta izaten ari dira gaurkoak; espero dugu, behintzat, aldatzea zerbait etorkizunerakoak. Bidegabekeriaz gaude eta, guztiak kokoterainokoak.

Maitasunak ez du ulertzen distantziaz, ez eta barroteez; akordatzen da aberriaz, eta egiten du bihotzez. Ez da ahazten minaz, eta ahazten da barkamenaz.

Lorategiak dauka loreen egarria, eta Euskal Herriak badu bere aldarria. Sorterritik eraman dituztenak gabe, ez da eta izan beharko lukeen aberria.

Batzuk izan dira zorioneko, besteak, berriz, zoritxarreko. Baina borrokatu da trinko, aurrera egin eta irabazteko. Herria dago tinko, eta gogoz, alkarrekin segitzeko. Eta nik eskatzen dut, behingoz, guzti hau bukatu dadila, denentzako eta betiko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude