Maletak hustu, etorkizuna puztu. Orain presoak!

Maleta. Bidaiarako ezinbesteko osagarria. Ilusioak eta esperantzak sartzeko euskarria. Maitasunak eta herrimininak bidaiatzen duten lekua. Gogoz eta umorez abentura berriak eskainiko dizkigun bidaia-laguna… Maleta horiek baino ez lirateke bete beharko, baina ez da beti horrela izaten.

Km ugari soinean dituzte zenbaitzuenak presente daude gure bizitzetan oraindik. Bidaia luzeak egindakoak guztiak, urte luzez. Eta maleta horiek hustu nahi ditugu. Betirako. Beti prestu kartzelako bidaietarako maletarik eduki ez dezan inork. Behartutako bide gehiagorik egin ez dezan inork inoiz.

Ia 30 urtez indarrean dagoen dispertsio politikak euskal preso eta haien senide eta inguru hurbilaren giza eskubideak sistematikoki urratzen ditu, iraganeko argazki krudela orainari eta etorkizuneko bizitzari iltzatuz; eta salbuespen politika hau amaitu beharra dago. Giza legezkoa delako. Baina, batez ere, sufrimenduaren ateak itxi eta konponbideari leihoak zabaldu nahi dizkion gehiengo soziala garelako. Baita Gernikan ere.

Kanbo herriko Arnagako adierazpenak jasotzen duen bezala “Gai garrantzitsu batzuk konpondu gabe diraute, hala nola preso direnen eta ihesean diren pertsonen auzia; lurraldeko eguneroko bizitza politika osoki normalizatzeko etenik gabeko esfortzuak beharko dira”.

Horretan gaude hainbat norbanako eta kolektibo. Euskal Herriko jendarte zibilaren eragile anitzak. Eta horretan sakonduko dugu: zaila izan daitekeen arren, bidea egiten ari gara, oztopoak oztopo. Jendarte zibilaren parte-hartze aktiboa funtsezkoa bihurtzen ari da; Ipar Euskal Herrira begiratzea baino ez dago pentsaezina zirudiena egia bihurtzeko gaitasuna badagoela ikusteko. Pentsaera anitz eta zabalenak oinarrizko osagai komunetan ados jartzea, lanketa pedagogikoa egitea, eta, batez ere, bakegintzan urrats erabakigarriak emateko artisau bilakatu dira; eta poztekoa da.

Aldiz estatu espainiarrak, ez du inongo borondaterik aurkeztu horrelako konponbide prozesu batean ekarpen positiboa egiteko. Euskal jendartean, ordea, indar anitzak sentitzen dira bake-agertokiaren eraikuntzan pausu sendoak emateko. Berauen artikulazio sozial, politiko eta instituzionala ezinbestekoa da urratsak ematen jarraitzeko, eta, bide horretan, oinarrizkoa da euskal preso eta iheslarien egoera soluzioaren parte bihurtzea.

Gernikak zeresan handia du erronka horretan, eta, horregatik, datorren ekainaren 15rerako, ostirala, arratsaldeko 19,30tan Merkuriotik hasita “ Maletak hustu, etorkizuna puztu. Orain presoak!” lelopean manifestaziora deitzen dugu. Hemen, denak eta orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude