Ezin dut ulertu
Gure inguruan dauden egoera batzuk ulertzea zaila suertatzen da askotan. Batzuetan gaia korapilatsua delako izaten da arrazoia, beste batzuetan ezezagutza da nagusi eta besteetan informazio falta egon daiteke. Errealitatea, hortaz, ikuspuntu desberdinetatik begiratzen saiatuta ere ulergaitza izan ahal da. Nire kasuan, beste gai batzuen artean, dispertsioa oraindik gaur eguneko zerbait izatea ezin dut ulertu eta hainbat buelta eman ondoren, arrazoi bakarra mendeku gosea dela uste dut.
Zerbait azaldu aurretik edo iritzi bat eman baino lehen behintzat, egoera zein den erakustea da era egokiena. Zenbakiak errealitate bat aurkezteko erreminta erabilgarri izaten dira eta Etxeratek egindako txostenaren arabera 349 preso politiko daude oraindik gaur egun, gehienak Espainia eta Frantziako kartzela desberdinetan sakabanatuta. 41 preso beraien etxeetatik 100 eta 400 kilometroko tartearen urruntasunean daude; beste 71 preso 400 eta 700 kilometroko tartean eta gainerako guztiak 1.100 kilometrotara ere heldu daitezke. Kontuan izan behar dira ere senideak, errealitate hau pairatu behar dutenak bidai luzeak burutuz familiartekoak edo lagunak ikusi ahal izateko.
“Bake prozesu bat” bizi izan dugu antza, Kanbon bere amaiera agerrarazi zuena, baina bake prozesu bat baino gehiago, azken urteetan, prozesu kafkiarra izan da gehiago. “Bake garaia” heldu da, baina egoerak ez du aldaketa handirik jasan. Kafka idazle txekiarrak bide judizial itogarri bat pairatu behar zuen protagonista aurkezten du bere nobela irakurrienetako batean. Pertsonai nagusiak boterearen funtzionamenduari aurre egin behar dio eta honen aurrean duen defentsa aukera apurrak sufritu. Fikzio nobela bezala irakurri nuen, baina errealitateari erreparatuz gero, liburuak uste baino fikzio gutxiago dauka. Analogia argia egin daiteke Euskal Herrian bizi den egoerarekin alderatzen bada.
Kafkak ez zuen euskal presoen egoera ezagutu, baina horrela izanez gero ere, bere nobelak ez zuen aldakuntza handirik jasango seguruena. Niri ere errealitatea ulertzea kostatzen zait. Gaia korapilatsua izan daiteke agian, baina urte asko daramatzat gauzak ulertzeko ahaleginetan eta informazio ugari dago iritzi argi bat izateko. Errealitatea beti gailentzen da fikzioarekiko esan ohi duten bezala, eta horregatik espero dudan gauza bakarra euskal preso politikoen egoerak eta jasaten duten dispertsioak, idazle txekiarrak bere nobelaren protagonistarentzat imajinatu zuen bukaera desberdina izatea da.
Utzi erantzuna