Kepa Arronategiren senideen istripua salatzeko elkarrateratzea
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Kepa Arronategi preso gernikarraren senideek ezbeharra izan zuten asteartean (uztailak 31) furgonetari gurpila lehertu zitzaionean Almeriako espetxean (1000km-tara) bisita egin osteko bidaian, Murtzia aldean. Gidariak, zorionez, ez zuen ibilgailuaren kontrola galdu eta onik atera ziren ( hiru nerabe-gazte zihoazten furgonetan ere).
Beste bat. Euskal presoen senide eta lagunen beste ezbehar bat. Aurreko astean Javi Gallaga preso algortarraren senideak izan zuten Cordoban (800km-tara), Algeciraseko espetxetik zetorren autobusa harriz erasotu zuten…eta guzti honek DISPERTSIO POLITIKA du izena, ia 30 urtez sistematikoki indarrean dagoen salbuespen neurri makabroa. 16 hildako sortarazi dituena errepidetan, gainera.
Eta salbuespen politika hau amaitu beharra dago. Giza legezkoa delako. Baina, batez ere, sufrimenduaren ateak itxi eta konponbideari leihoak zabaldu nahi dizkion gehiengo soziala garelako. Baita Gernikan ere.
Oraindik bada, beraz, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. Hain zuzen ere, gaur hemen batu gaituena. Egun, jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 275 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrotara urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen-neurriak ezartzen zaizkie. Espainiako zein Europako legediaren aurka doazenak eta, pertsona ez ezik, senideak ere -bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak, Keparen senideen kasuan ikusten dugun bezala- zigortzen dituztenak.
Horregatik, indar bereziarekin ORAIN PRESOAK adierazi behar dugu. Sufrimendu gehigarria sortarazten duen egoera hau konponbidean jarri beharra dagoelako. ORAIN.
Gure elkartasuna adierazi nahi diogu senideei lehenengo eta behin. Eta bigarrenik, dispertsio politika amaitzeko jendartearen aktibazioa eta inplikazioa sustatzeko indarra izatea denok. Zentzu horretan, domeka honetan Etxerat-ek deituriko hondartzetako ekimenetan parte-hartzera deitzen dugu: Laga, Laida eta Laidatxu eguerdiko 12etan, eta Ea-n eguerdiko 13etan.
Guztion artean lor dezakegu! Denak, hemen eta orain izan arte lanean jarraituko dugu!
Utzi erantzuna