Ikasturte hasiera

Sare Gernika-Lumo

Ikasturte berri on!

Urtero legez, aurton ere lan eta erronka pilo batekin hasi dugu ikasturtea; izan ere, presoen eta beraien senideen egoerak hobekuntza gutxi izan du, Madrildik pauso berriak hitzeman zituzten arren. Zentzu horretan, aipatzekoa da Kepa Arronategi gure herrikidearen kasua: Zuerako (Zaragoza) espetxera lekualdatu dute Almeriatik. Pauso garrantzitsua ezbairik gabe, baina ez bere egoerak eskatzen duen adinakoa. Gaixo dagoela kontutan izanik, Kepak etxean egon behar lukeela gogorarazi nahi dugu.

Orain arteko ibilbidean Sare Gernika-Lumok jarritako helburuen inguruko balantze baikorra egiten dugu: sarea ehundu eta zabaldu dugu; norbanako eta eragile askoren inplikazioa areagotu; eta presoen eskubideen aldeko jarrera zabaltzeko tresna berriak sortu. Hala ere, jakitun gara oraindik badirela sektoreak saretu eta aktibatu ez ditugunak, eta lan handia dagoela egiteko.

Aurtengo kurtsoari dagokionez, era berezian abiatu dugu Orain Presoak dinamikarekin, iragan berri den Donostiako manifestaziorako motorrak berotu asmoz: ekaineko mobilizazioan aurkeztu genuen Gernikako Merkatu Plazako Adierazpena baliatuz sinadurak biltzen aritu gara manifestazioaren berri eman eta indarrak biltzeko. Baina horrekin batera, hurrengo aste eta hilabeteetako erronkak ere zehaztu ditugu:

  • 30 urtetako Gernika eta inguruetako dispertsioaren argazkia: eskualdean presoen sakabanaketaren ondorioz bidaiak egin dituzten pertsonak erretratatu nahi dituen proiektua.
  • Eremukako aktibazioa: gizarteko sektore desberdinekin elkarlanean aritu nahi dugu dispertsioaren amaieraren aldeko jarrera areagotzeko. Hala nola, Astra Zinemarekin Kartzela eta zinema zine zikloa antolatu dugu azarorako; Gabonetan euskal presoen eskubideen aldeko mozio bat bultzatuko dugu udalean; eta Bake-Lekurekin batera hitzaldi bat antolatu nahi dugu martxoan. Horrekin batera, gure web orrian gizarteko sektore ezberdinetako pertsonen iritziak plazaratuko ditugu bi asterik behin; eta gure ekimen eta ekitaldien berri ere emango dugu bertan.
  • Keparen etxeratze aldarria: bere egoera hain berezia izanik, etxeratzeko eskaria konstantea izango da gure jardunean.
  • Herri mugimenduko parte garenez, elkarlana sustatu eta dinamikak elikatuko ditugu, batik bat Astran eta Gernikako oroimenaren lan lerroan; eta baita Gure Esku Dagorekin (pasa den iraileko ekimenean adibidez), Euskaraldiarekin, Korrikarekin, eta sor daitezkeen beste ekimen batzuekin.

Azkenik, data zehatzetan finkaturiko ekimen eta ekitaldiak ere antolatu eta bultzatuko ditugu, besteak beste: urriaren 5eko Orain Presoak ekitaldia Merkatu Plazan; abenduaren 10eko Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna; abenduaren 31ko Gabon Zaharretako mobilizazioa; urtarrilaren 12ko Bilboko manifestazio nazionala; apirilean Gernikako bonbardaketaren inguruko egitaraua; eta ekaineko mobilizazioa.

Zaku bete lan, beraz, aurretik; baina erronkek berezko duten motibazioz, eta helburua gauzatzeak sortuko duen zorionaren ilusioz ekin diogu aurton ere ikasturteari. Ez sobera garelako, baina bai gogoa eta beharra dugulako ekin diogu aurton ere lanari. Eta zu ere ez zaude sobera. Beraz, gogoa eta beharra baldin badituzu, ziur gaude ekingo diozula zuk ere lanari! Nola bestela?

Animo eta lortuko dugu! Euskal preso eta iheslariak etxera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude