Garaiak, gutunak eta atzera kontuak

Irati Agorria Cuevas

Elkarrekin egoteko garaia omen da egutegian joan berri zaiguna, baina badaude atzean gelditu ez diren garaiak eta gaiak askorentzat oraindik. Honetaz, eta larunbatean Bilboko zitara joateko beharraz idatzi dut aste honetako Sareren kolaboraziorako. Hemen doa:

GARAIAK, GUTUNAK ETA ATZERA KONTUAK

Olentzerori gutuna idatzi dion galdetu diogu garai honetan, berriz ere, aurton hamaika gutun eta hamabi marrazki kartzelara bidali dituen umeari. Honi, gauez etxera etorri dela esan diogu gainera: Etortzea eta joatea jada oso barneratuta dituen kontzeptuak izanik. Familiarekin egoteko garaia dela badaki izebak, baina ezin dio kendu begirada aulki hutsari: Gaur ere nola egongo den pentsatzeak ez dio lasai afaltzen uzten. Urte berriko desioa eskatu du amonak: urteroko bera, etor daitela etxera. Asmo berrien zerrendan betiko gauza berak errepikatu ditu lehengusuak: Gehiago joango naiz, gehiago idatziko diot…

Eta bai, azkenean joan da urteko garai hau, non desioak nabarmentzen diren, nahiak bizitu eta betebeharrak ugaritu. Badoaz, badoaz bukaerak arin datozen egun horiek eta hasieretarako prest egoteko betebeharrez urduritzen gaituztenak. Baina bada zerbait egun hauek guztiontzat ospakizun edo zorion egun ez izatea egiten duena, eta momentu batez bukaera erreala bilakatzen den gaueko 12 horietan ere beraietaz oroitzen gara. Zeinen arin datozen batzuetan bukaerak eta zeinen geldo ordea beste batzuetan. Momentu horretan bertan ere nahaspilatzen dira etxe askotan sentimendu gazi-gozoak, nahiak, desioak, gogoak…Eta konturatzen gara urte berri batean bai, baina atzera kontuak ez direla bukatu askorentzat, etxera etortzea nahiko genukeen bisita hori oraindik ez dela eman etxe askotan eta idatzi beharreko gutunen zenbatekoa altua dela oraindik zenbait euskal familitan. Mendeku egoerak beste urte bat bete duela ohartzen gara bapatean eta sufrimenduak ere hala egin duela beraz, bere horretan jarraituz. Konturatzen gara errealitaterako buelta bereahala datorrela berriz gizarteko bizitzara eta horrekin batera askorenera bidai etengabeak, ongi iritsi ote diren galdetzen duten larritasunezko dei zenbaezinak, egutegian hilabeteetan elkar ikusteko egunak markatu eta zerrendatzeko lana…finean, zaharrak utzitako joera batzuk badirela urte honetan ere, halabeharrez. Konturatzen gara ustez guztionak diren ospakizun garai hauek berdin berdin daudela kilometroz, aulki hutsez eta paretako argazkiz beteta, eta hala ere, teletextuko mezuak barrutik dioen bezala, gogor eusten diogu kanpotik, urte berriari notizia berriak eskatuz. Konturatzen gara batzuetan garaiak eta gaiak ezin ditugula elkarrengandik banandu eta ohituraz beteriko unean, badirela beraiekin bukatu eta apurtu beharreko ohitura zahar batzuk. Konturatzen gara horretarako momentua orain dela, lehenĀ  bait lehen eta urgentziaz. Konturatzen gara egin beharreko aldaketen zerrenda amaigabea dela oraindik eta 40 minutu osteko etxera bueltetako ordu luzeekin bukatu beharra dagoela, hauetan ematen diran istripu eta larrialdi egoerak gelditu behar direla lehen bait lehen, gaixo dauden presoak oraindik ez daudela etxean eta aldatu beharreko eskubide urraketa ugari bizi dituztela beraien azalean milaka eta milaka lagunek urte berri honetan ere. Konturatzen gara beste urte bat gehiago bete dela eta nahikoa izaten jarraitzen duela beste urte batez: kontatzean gehiegi direla urteak, kilometroak, gutunak eta sufrimendua. Ez dugula bat gehiago ere zenbatu nahi, ez dugula beste urte bat gehiago, horrela bada, bete nahi.

Baina guzti honekin batera, konturatzen gara ere, guri dagokigula garaiak idaztearen eta garaiak geure egitearen aukera hartzea, eta baita horri joaten ez uztea ere, ezin bait diogu gure garaiari urte galdu bat zenbatzen utzi. Konturatu gaitezen une batez hori egiteko atzera kontua hasi dela.

Garaia aldatzeko eta datorren urtean, garai hauetan ospatzeko benetako aurrerapauso eta urratsak egon daitezen, guztiok daukagu zita bat larunbat arratsaldean Bilbon urtero legez: eta desioz, azkenengoz. Has daitela beraz gu guztion eta preso guztien atzera kontua. Bada garaia.

Borroka urte on!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude