Noiz arte izango gara martiri?
1-
Santa Ageda bezpera dugu,
makil soinu eta kantu
Baina hainbatek kopla berriak
debekatzea du patu
Bazterretan baitaude oraindik
(hutsak ezin dispentsatu)
Santa Agedan bular bailiran
mila gorputz dispertsatu.
2-
Sufrimendua gorpuztu ohi da
segundutik segundura
Sarriren armiarma sarea
malkoekin ehundu da
Hemen ohitura da tradizio,
han traizioa ohitura
makila hauen bibrazioa
hel bedi infinitura
3-
Kartzeletan ez dago aterik,
elkartasuna ate da
gurekin kantatzera ezin da
neba-arrebarik atera
Ezin bazaio lagundu gaixo
larriari irtetera
zein ote da gaixorik denaren
larrialdi irteera?
4-
Zenbat Santa Ageda zeldetan
zenbat ustezko bake han
zapalkuntza bikoitza jasaten
gela bakarti batean
Generoa baldintza denean
ezleku beltzen partean
ez du balio Santa izenpeak
barrote batzun artean
5-
Santa Ageda egunez ere
batzuk hara eta hona
dudak soinean jantzirik eta
oroimenean lau horma
Zer da familiako kideak
munduari zor diona?
Errepide bat muga izanda
mugatzen da zoriona
6-
Guk sareak nahi ditugu eta
lotzen gaituzte kateaz,
betiko hoien errelatoa
erein da gure kalteaz
konponbidea eskatze soilak
asko dio gizarteaz
aspertu ginen eta aspaldi
martiriak izateaz
Utzi erantzuna