Martxoaren 8an greba feminista!
Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko emakumeok* heteropatriarkatu kapitalistari planto egitera goaz, eta horretarako 24 orduko greba feminista eramango dugu aurrera.
Heteropatriarkatuak milaka aurpegi dituen arren, gutxi izango dira zapalkuntza sistema hau kartzela bezain modu argian irudikatzen dutenak. Kartzelaren izaera, egitura zein funtzionamendua patriarkatuan oinarrituak daude, eta kartzela barrutik zein kanpotik bizi dugun emakumeon askatasunaren kontra jotzen du zuzenean.
Preso dauden emakumeek, kartzelaren gizarteratze funtzioan oinarritutako estigmatizazio bikoitza bizitzera kondenatzen dituzte. Emakumeek lege hauste konkretu bat burutzeaz gain, emakume formal estereotipo orokorraren kontra doaz eta hori onartezina da sistemarentzat. Emakume gaiztoa (genero roletatik kanpo kokatu dena) izatea bai dela delitua! Eta kartzela emakume hauek baretzeko eta zentratzeko tresna gisa ulertzen da. Ama diren emakumeen kasuan presio hau biderkatu egiten da (ama txarraren estigma). Emakume formalak bihurtu daitezen joskintza, ileapaindegia, makillajea… bezalako jarduerak eskaintzen zaizkie kartzelan, Franco garaiko “escuela de señoritas”-en bertsio eguneratu baten antzera.
Generoari lotutako betebeharrak bai, baina beharrizan propioak kontutan hartzen ez dituen instituzioa da kartzela. Arkitektura androzentrikoa oinarri, gizonen beharretara egokitutako zerbitzuak dira eskaintzen zaizkienak emakumeei. Honen adierazle argiak dira osasun arloan emakumeen beharrekiko arreta falta/desasistentzia, kartzelan ama izan diren emakume presoekiko eta hauen umeekiko utzikeria…
Preso dauden emakumeek bizi dituzten harreman afektiboak, gainera, heteroarauetan oinarritutakoak izan behar dute ezinbestez; kartzelak ez du bestelako harreman eredutan sinesten, eta ondorioz kartzelan ez daukate lekurik.
Kalean gauden emakumeok ere modu nabarian bizi dugu patriarkatuaren presentzia kartzelarekin daukagun harremanean. Barruan dagoenaren zaintza guri dagokigu kasurik gehienetan. Presoaren zaintza emozionala, paketeak, dirua, bisiten antolaketa… oraindik orain, emakumeon bizkar gainean dagoen ardura izaten jarraitzen du. Ekarpen honen errekonozimendua txikia izaten da gainera, dagokigun zaintzaile papera, besterik gabe onartu eta aurrera eraman beharko bagenu bezala. Tokatzen zaiguna da, eta listo!
Kartzela, beraz, patriarkatuaren biziraupenerako instituzio klabea dela esan genezake. Emakumeak zuzentzeko misioa daukana, gizartean jokatu behar duten papera barneratu dezaten lan egingo duena eta guzti horretarako sistema penitentziarioak eskaintzen dion babesaz baliatuko dena.
Edozein kartzelak sortzen duen egoera hau, ordea, are larriagoa bihurtzen da etxetik ehundaka kilometrotara eta sakabanatuta dauden presoez hitz egiten dugunean. Euskal presoekiko salbuespeneko tratuak aurretik esandako guztian sakontzea dakar; emakume presoen isolamendu egoeran (dispertsioaren eraginez emakume bakarra dago kartzela askotan), bizi duten egoeraren arabera aplikatu beharreko graduari dagokionean (ama direnak bigarren graduan egon beharko liratekeen arren, lehenengo graduan mantentzen dituzte) zein senide eta lagunok egin beharreko esfortzuari dagokionean. Emakumeon kasuan gainera, lana, etxea eta militantzia kontziliatzeko ditugun berezko arazoei ia kontziliaezina den elementu bat gehitzea suposatzen digu presoen urruntze eta dispertsio egoera honek.
Argi dago beraz, emakumeok askeago bizi gaitezen patriarkatuaren eta honen instituzioen kontra borrokatu beharra daukagula. Sistema patriarkalari arrakalak eragin behar dizkiogu, barrutik eta kanpotik … eta martxoaren 8an aukera ezin hobea daukagu horretarako.
Utzi erantzuna