Aho batez

Edorta Jimenez Ormaetxea

Historialari zintzoek ekinean jarraitzen dute. Egiaren bila. Nork eman zuen Gernika bonbardatzeko agindua? Gernika Batzordea sortu zela, horren eskutik askotariko historialari eta adituen hitzaldiak eta mahi inguruak antolatu ziren. Gehienen ustez, denen ustez ez esatearren Frankok agindu edo, behintzat, oniritzia eman zuen. Frankistak eta neofrankista ustelek, haren izena krimen horretatik salbatu guran jarraitzen dute. Ez da lubaki makala zintzoen eta ustelen artekoa, gaur egunean oraindino hortxe dirauena. 1936ko gerrako azken lubakia ote? Ezezkoan nago.

Gernika Batzordeak sortzeaz batera Gernikako herriak eta Euskal Herriko gehiengoak bat datozen aldarria zabaldu zuen: “Guernica Gernikara”. Koadroa ostera Madrilera eraman zuten. Eta gu gehienon lotsarako nora-eta Museo Reina Sofia izenekora. Eta hantxe dago. Blindaturik. Ni ez naiz joan ikustera, eta ez naiz sekula joango. Eskuturretan burdinak ipinita ez bada. Nahikoa daukat Gernikan dagoen zeramikazkoarekin. Edo lehengo batean Eibarren etxetzar bateko orman ikusi nuenarekin. Gurean nahinon ikusten diren erreprodukzioekin. Gure aldarria, azken batean beste, lubaki bat desegitearen aldeko aldarria da. Bakearen aldekoa. Lubakirik den artean ez baitago bakeaz hitz egiterik. Oraingo lubakietan herriaren aldetik suzko armarik erabiltzen ez bada ere, Guernica koadroaren inguruan lubakia dago. Lubaki bi, bada.

Lubakiak lubaki, batzuek “Bakearen Hiria” izendura eman zioten Gernika-Lumori. Erraza da banatzea izendurak -labelak esaten diete orain-, eta gero horiek leku guztietan agertzea. Haatik, izendurok merezitakoak behar dute izan. Bere buruari halako izen itzela ematen dionak -Bakearen Hiria!- horren zergatia frogatu beharra dauka. Emanik nik aipatu ditudan lubaki biak -laburtu beharrez horrexetara mugatuak- ez direla lubaki, edo lubaki hitza bera motza dela eta hobe dugula besteren erabiltzea -zein baina?- horiek konpontzen saiatuz gainera Bakea -lerra larriz idatzita- erdiesteko urratsak egitera behartuta dago. Eta orain eta hemen, nire uste apalean, lehenengo urratsa euskal preso eta iheslarien egoerak konpontzeko bidean egin behar ditu.

Hasteko, Gernika-Lumok Egiaren Batzordea osatzeko deia luzatu beharko lioke munduari, hemengo gatazka(k) -1937ko bonbardaketa eta erantzukizunak ere tartean sartuta- eta horien nondik norakoak aldez aurretiko inongo mugarik gabe ikertzeko eta aztertzeko, eta publiko egiteko. Balizko batzorde horrek aztergaien zerrenda polita leukake. Hona batzuk: torturak, hilketak eta tratu txarrak argitu; huts-hutsik poliziaren bertsioetan emandako epaiak berrikusi; preso gaixoak behingoan askatzeko eskatu; beste guztiak beren etxeetara hurreratu; denen askatasunera iristeko prozedurak adostu eta hainbat arinen burutu.

Horretara eginez gero Gernika-Lumori aho batez “Bakearen Hiria” izena ematea legezkoa eta merezitakoa dela aitortu geniezaioke. Tira! Aho batez edo, badakigu-eta aldarrikatzen ari naizen bakearen aurkakoak gure jendartean ere badirela. Konbentzitu egin beharko ditugu Egiaren Mahaiaren premiaz, ez dadin hori ere lubaki izan.

Bitartean, Gernika-Lumok euskal presoen egoera indarrean diren legeetara ekartzeko aldarria aho batez zabaldu behar du. Munduak “Guernica Gernikara” aldarriarekin bat egitea benetan gura badugu, Gernika-Lumok eta bertako herriak Bakearen Hiria eta Bakearen Herria, izen biak merezi dituela erakutsi behar dio munduari. Artzek idatzi eta Mikel Laboak zoragarriro kantatuta utzi ziguna hona ekarriz eskatzen dizut orain premiazkoena dugunaren alde bat egiteko:

“Batek goserikan diraueino / ez gara gu asetuko/ beste bat loturik deino / ez gara libre izango”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude