Gurpil hurbilek etxerako bidea egin dezagun

Gurpila. Abiatu behin, eta geratzen ez dena. Mugitzen dagoena, etengabe. Kotxean, distantzia amaiezinak betetzen, xahutze ekonomikoa jasaten, istripu arriskuak non-nahi, errepidea eta kilometroak bidaia-lagun dituela. Trenen gurpilak eta hegazkinenak ere, gertu daude sarri. Eta horrela 30 urtez; izan ere, hilabete honetan betetzen dira ofizialki 30 urte espainiar gobernuak dispertsio politika sistematikoki aplikatzen hasi zela. Noiz arte horrela?

Etorkizunari begira jarri nahi dugu, eta, horretarako, iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau gure egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarrituriko jendarte batean bizitzea.

Oraindik bada, ordea, sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat. Hain zuzen ere, gaur hemen batu gaituena. Egun, orain urte bat geroztik ETAk existitzeari utzi dion arren, 251 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrotara urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen-neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legediaren aurka doazenak, eta, pertsona ez ezik, senideak ere -bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak- zigortzen dituztenak.

Errealitate honi, Kepa Arronategiren egoera gehitu behar diogu, gaixotasun sendaezina duen preso gernikarrarena, hain zuzen ere: Zigor Kodeak eta Espainiako espetxe legediak egoera berezietarako baldintza bereziak kontuan hartzen dituela gogorarazi nahi dugu. Esaterako, larritasun handiko edo sendaezinak dituzten gaixoena, baita eri dauden 20 euskal presoena, hortaz. Baldintza berezi horiei helduz, gaixotasunaren beharrezko informearekin eta presoaren sailkapena kontuan izan gabe, hirugarren graduan beharko lukete, arazo humanitarioak eta pertsonaren duintasuna tarteko. Eta noski, baita justiziagatik ere, horrela jasotzen baitu espetxe araudiko 100.4 artikuluak.

Espainiar legediak kartzeletako hesietatik kanpo artatze horrek duina izan behar duela esaten badu ere, agerikoa da Keparen kasuan hori ez dela gauzatzen. Eta urgentea da Kepa etxean, etxekoekin egotea. Gurpil zoro bati lotutako errealitate hau amaitu beharra dagoelako. Orain.

Hurbila. Gurpil hurbila. Euskal herritar ugari etxerako bidea saretuz, izan gaitezkeena. Senideena, lagunena, elkartasuna eskaintzen duen edonoren gurpilak balio handia du, zalantzarik gabe. Eta bidea egiten jarraitu behar dugu, giza eskubideak errespetatuak izan daitezen lortzeko, gatazkaren konponbidean urratsak ematen jarraitzeko, bake eskenatoki iraunkor eta sendoa eraikitzeko. Gurpilak joateko bai, baina ekartzeko ere badira. Urrun eramateko baliatu dituzte gobernuek; euskal herritarrok balia ditzagun gurpilak preso eta iheslariak etxeratzeko. Etxerako bidea eraikitzeko.

Honegatik guztiagatik, datorren ekainaren 14an, ostirala, arratsaldeko 19:30ean, Merkuriotik hasita “Gurpil hurbilek etxerako bidea egin dezagun” lelopean egingo den manifestazioa eta ekitaldirako deialdia luzatzen dugu. Guztiok zaudete gonbidatuak, guztiok garelako ezinbestekoak.

Euskal preso eta iheslariak ETXERA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude