Abenduak 10. Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna abenduaren 10ean ospatzen den giza eskubideen aldeko aldarrikapena da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zueneko datari, 1948ko abenduaren 10ean hain zuzen, egiten dio erreferentzia.
Baina 2019aren bukaera honetan, euskal preso eta iheslari eta haien hurbileko senide eta lagunen oinarrizko giza eskubideak errespetatuak izatea aldarrikatzen jarraitu behar dugu: Noiz arte?
Hau ere, abenduaren 10eko erradiografia bat da:
246 euskal preso daude egun (5 gernikarrak), 33 iheslari eta 9 deportatu. Salbuespen neurrietan oinarrituriko espetxe politika indarrean, eta horren lekuko dispertsio eta urrunketa politika bera, 20 preso sendaezinak eta larriak dituzten gaixotasunekin – tartean Kepa Arronategi gernikarra-, eta, euskal presoen adin gabeko haur, nerabe eta gaztek bataz beste 1000 km egitera behartuak. Hori da errealitate gordina.
Horregatik, zentzu bera izaten jarraitzen dute gure aldarrikapenek:
- Presoak bestelako bideak bazter utzita, legeriak ematen dituen aukerak modu pertsonalean erabiltzea onartu dute.
- Bere eskubideak errespetatuak izan behar dute. Beraien ingurune sozial afektibotik gertuen dagoen espetxean zigorra betez, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzeari bide emanez, bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten neurriak indargabetuz.
- Elkarbizitza ahalbidetzeko eta preso dauden pertsonek ere, bide honetan, ekarpenak modu positiboan egin ahal izateko, ezohiko bizi baldintzekin amaitzea ezinbestekoa da.
- Presoak bezala iheslari eta deportatuak ere. Haiek herriratu daitezen bideak behar direlakoan gaude.
- Horretarako irabazle eta galtzaile logikari jarraitu eta mendekuan oinarritutako espetxe politika aldatu beharra dago.
Jendartean, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko kontsentsu zabala dago, baita horretarako espetxe politikaren baitan aldaketak ematearen aldeko adostasuna ere. Adostasun hori, maila instituzional zein sindikalean ere, gehiengoz babestua da. Estatuek bide honetan laguntzaile izan behar dutela ulertzen dugu. Eta ulertezina deritzogu gobernuak bere legeek diotena ez betetzea, elkarbizitzarako urratsak ez ematea eta eskura dituzten aukerak baztertzea. Konponbiderako lagungarri izan beharrean oztopo izatea. Baina, jendarte honek, Estatuen laguntzarik gabe konponbiderako pausoak eman ditu eta bide honetan jarraitu behar dugula uste dugu. Norbanakoetatik hasita, gizartearen zati handi bat bide honen parte sentiarazi dugu, eta norabide horretan lanean jarraitu behar dugu.
Geroz eta SARE handiago eta indartsuagoa gara, adostasunak landu eta horien baitan antolatzen jarraitu behar dugu. Gizarte osoa konponbidearen baitan sentsibilizatu, aktibatu eta konpromisoak bilatu asmoz elkarrekin lanean jarraituko dugu.
Guztion artean lor dezakegu!
Utzi erantzuna