Loratxu bat etxerako bidean

Covid-19ko pandemiak gure bizitzak eraldatu ditu; heriotza ere presenteago bihurtu du, gainera. Dolurako aukerarik ez du utzi, erabateko konfinamendua eragin du eta gure jardunaren oinarrizko elementuak baldintzatu ditu: lana, zaintza, hezkuntza, aisialdia, harremanak, familia, egunerokoa… dena.

Muturreko egoera kronikoak, muturragoko eta kronikoago bihurtu ditu. Azken hilabeteetan adibide lazgarri ugari ezagutzen gabiltza. Salbuespen neurrietan ezarritako espetxe politikak oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen ditu, eta osasun krisi bat tarteko, areagotu baino ez ditu egiten; lehen egunetik presoek eta haien senide eta hurkoek ez dutelako bisitarik eduki, adibidez. Horrek sortzen duen ezinegon guztiarekin. Gaur, inoiz baino gertuago gaude preso eta iheslarien senide eta lagunengandik. Etxean eta bizirik nahi ditugulako.

Des-konfinamenduan gaude, baina egoerak bere horretan dirau euskal preso eta senideentzat: orain urruntze eta dispertsio politikaren ondorioz ezin dutelako bisitarik egin; milaka km-tara egonik, norbere etxetik gertu ez egotea (legediak hori dioen arren) bisitak egiteko ere oztopo bihurtzen zaielako.

2020.urtean euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen existentzia hutsak agerian utzi du konpondu gabeko aferak daudela. Horien soluzio bidea gauzatzea beharrezkoa zen atzo, eta gaur -pandemia hau tarteko- are gehiago. Espainia eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute, urgentziaz, eta behin betiko:
-Euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri behar dira.
-Larriki gaixo dauden presoek, hala nola 65 urtetik gorakoek, aske behar dute.
– Presoek eta senideek dagozkien bisitak berreskuratu behar dituzte.
-Gradu progresioa ahalbidetuz, baldintzak betetzen dituzten presoek etxean egon behar dute.


SAREk “Izan Bidea” izeneko dinamika herritarra aurkeztu du jendartean, orain egun batzuk. Etxerako bidea saretzen jarraitzeko aktibazio sozialerako proposamena da, beste hainbat ekimen sozial, politiko eta instituzional ezberdinekin konektatu eta uztartu nahi duena. Herri mailan, Euskal Herri mailan edota nazioartean gauza daitezkeen ekinbide guztiek bere garrantzia dutelako. Gernika-Lumon, gure ekarpena bideratzeko ubide izaten saiatuko gara. Honengatik guztiagatik, SARE Gernika-Lumok datorren ekainaren 19an (ostirala) 19:30ean Foru Plazan (udaletxe plaza) “Loratxu bat etxerako bidean” lelopean abiatuko den GIZA-KATEAn parte-hartzera deitzen du.

*Oharra: egoerak eskatutako segurtasun neurriak errespetatuko ditugu (elkarren distantzia mantenduz, besteak beste). Norberak bere musukoa ekartzea eskatzen dizuegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude