Kepa eta larriki gaixorik dauden presoak etxera!

Astelehen honetan, hilak 22, Etxerat elkarteak jakinarazi du Kepa Arronategi preso gernikarra Arrasateko Aita Menni buruko gaitzetan aditua den ospitalean dagoela, hemendik aurrera bere gaitza artatua izateko bertan.

Berri honen aurrean SARE Gernika-Lumok honoko hausnarketa plazaratu nahi du:

1.- Kepa Arronategik buruko gaitza duela orain urte batzuk jakinarazi zen, eta orduan esan genuen bezala, bere gaixotasunean eragin zuzena izan du euskal presoen aurka sistematikoki aplikaturiko salbuespen neurrietan oinarrituriko espetxe politikak: urrunketa, dispertsioa, 1.graduak, baldintza gogorrak etab.ek.

2.- Geroztik hainbat sektorek -familia barne- aldarrikatu duen bezala, espetxeko lau hormak inoiz ez dira izango gaixotasun larria duen preso bat artatzeko lekua; eta, hortaz, bere beharrei erantzungo dien espazioa, mediku-artatzea, eta giza-baliabideak izateko eskubidea du Kepak. Espetxe politika ankerrak bere egoera larriagotu eta arriskuan jartzeko modua izan da denbora honetan guztian.

3.- Kepa dagokion zentroan, etxekoengandik gertu, eta Euskal Herrian izanda, bere egoera hobetzeko bidea da, zalantzarik gabe. Aitzitik, Kepari, larriki gaixo dauden preso guztiak bezala, etxean etxekoekin, kalean egotea dagokio. Eta gainerako euskal preso eta iheslari guztiak etxean izan arte bidea egitea dagokigu gu guztioi.

4.- 2020.urtean euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen existentzia hutsak agerian utzi du konpondu gabeko aferak daudela. Horien soluzio bidea gauzatzea beharrezkoa zen atzo, eta gaur -pandemia hau tarteko- are gehiago.

Beraz, ibiltariak izatera animatzen zaituztegu. Izan Bidea dinamikaren partaide izan, etxerako bidea saretzen jarraitzeko aktibazio sozialerako proposamena; beste hainbat ekimen sozial, politiko eta instituzional ezberdinekin konektatu eta uztargarria dena. Herri mailan, Euskal Herri mailan edota nazioartean gauza daitezkeen ekinbide guztiek bere garrantzia dutelako. Kepa, eta gainerako preso eta iheslariak, etxean egoteko bultzadari ekin diezaiogun guztion artean.

Kepa etxera!

Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude