Salbuespen espetxe-politika amaitu elkarretaratzea, irailak 23

Euriak ez digu lagundu baina 80 lagunek salbuespen espetxe-politika amaitu eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aktibo izatearen garrantzia adierazi dugu.

Uda amaitu berri da; eskolari, lanari eta egunerokoari heldu dioguherritar askok, pandemiaren ondorioz bizi dugun egoerara egokitzeko asmoz.Baina salbuespen neurrietan oinarrituriko espetxe politikak ez du etenik izan azken hilabeteetan, eta euskal presoek eta bere inguru hurbilak haren ondorioak pairatzen jarraitu dute, osasun-neurrien ezarpenek eragindakoak gehituta. Horren lekuko dira gero eta espetxe gehiagotan aurrez aurreko komunikazioak eten izana. Zein da ondorioa? Hartu-emanen galera eta barruko errealitatean are gehiago isolatzea.

Baina ez da gertaera bakarra izan, tamalez: SAREk Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatu du. Edozein preso bortizki hiltzeak kartzela-sistemaren porrota dakarrelako. Kartzela ezin da pertsonen biltegia izan, non pilatuta bizi diren kondena amaitu arte. Igorrek, sistematikoki eskubide urraketa ugari jasateaz gain, kondenaren 3/4 betea zuen; ohiko legedia ezartzen zaien gainontzeko presoei aplikatzen zaien espetxe-araudi bera aplikatu izan balitzaio, gaur bizirik eta aske egongo litzateke.

Ez gara aspertuko etxean nahi ditugula eta, batez ere, bizirik nahi ditugula errepikatzeaz. Salbuespen-legediak heriotza dakar eta guztion ardura da politika hau behin betiko bertan behera gelditzea.

Urruntze eta espetxe politika 30 urtetik gora mantentzen du indarrean estatu espainiarrak. 16 senide eta lagunen heriotza ekarri du, eta, edozein egunetan, berri txar batek gure bihotzak urra ditzake berriro. Orain bi asteburu gerta zitekeen: Alberto Viedma preso iruñearraren lagun batek kotxe istripua izan zuenean, hain zuzen ere. Murtziako espetxetik bisita egitetik zetorren ezbeharra gertatu zenean, Euskal Herritik 1000 km-tara. Euskal preso guztiei Euskal Herrian egotea dagokie. Hemen, denak eta orain!

2020. urtean euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen existentzia hutsak agerian utzi du konpondu gabeko aferak daudela. Horien soluzio bidea gauzatzea beharrezkoa zen atzo, eta gaur -pandemia hau tarteko- are gehiago.

Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute, urgentziaz, eta behin betiko:

 Euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri behar dira.

 Larriki gaixo dauden presoek, hala nola 65 urtetik gorakoek, aske behar dute.

 Presoek eta senideek dagozkien eskubideak berreskuratu behar dituzte.

 Gradu progresioa ahalbidetuz, baldintzak betetzen dituzten presoek etxean egon behar dute.

Horregatik guztiagatik, Ibiltariak izatera animatzen zaituztegu: Izan Bidea dinamikaren partaide izan, eta etxerako bidea saretzen jarraitzeko aktibazio sozialerako proposamenari lotzea, hain zuzen ere; beste hainbat ekimen sozial, politiko eta instituzionalekin bateragarria eta osagarria dena. Herri mailan, Euskal Herri mailan edota nazioartean gauza daitezkeen ekinbide guztiek bere garrantzia dutelako.

Euskal preso eta iheslariak etxean egoteko bultzadari ekin diezaiogun guztion artean.

Norabide horretan, bi deialdi luzatzen dizkizuegu. Batetik, datorren urriaren 3an Euskal Herriko 650 mendi tontorren ekimenean parte-hartzea. Busturialdean hainbat menditara igoko gara; Gernika- Lumoren kasuan, Kosnoaga, edo Aixerrota, igotzea egokitu zaigu, eta aurrerago informazio zehatzagoa emango badugu ere, goizeko 10:30ean Pasilekutik abiatuko garela iragartzen dizuegu. Bestalde, datorren urriaren 24an, ekimen nazionala egingo du SAREK Donostian, eta bertotik gure ekarpena egiteko era antolatuko dugu.Euskal preso eta iheslariak etxera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude