
Urriaren 3an mendi tontor igoera
Izan Bidea dinamika honek, euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, baita elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batu asmo ditu, urratsak emanaz, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman nahi diogulako.
Horretarako une aproposa dela uste dugu; euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesua martxan jartzeko. Denok ozen esan dugu, Euskal Presoak Euskal Herriratzeko garaia dela. Bestetik, Madrili dagokionean, Gobernuan diren alderdiek egoera honekin amaitzeko adostasuna agertu dute behin baino gehiagotan, izan EHko instituzio ezberdinen baitan, edota Madrilgo gobernukideek eginiko adierazpenen bitartez. Beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da, zeren zain dira? Egoera honek ezin du gehiagoan luzatu. Presoak Euskal Herrian egon behar dute eta etxera prozesua garatu behar dute gradu progresioa eginez. Eta senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro, motxiladun haurrei Covid-19a dela eta gertatzen ari zaien moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu. Nahikoa da. Konponbide garaia da.
Horregatik, bidea egiten jarraitu behar dugula diogu, Ibiltarien Sare hau gero eta handiago eta zabalagoa egin behar dugula, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egi bilaka dezagun.
Eta bide hori batera egiteko, datorren urriaren 3an inoizko erronka handiena ezarri diogu gure buruari eta Euskal Herriko herritarrei; guztion arten, egun berean, Euskal Herriko 650 mendi igo eta tontorretara gure aldarria eramatea. Ekimen eder eta esanguratsua egitea da gure asmoa, argi erakusteko urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko.
Gernika-Lumotik Kosnoaga-Aixerrotara igoko gara; eta horretarako goizeko 10,30tan Pasilekun geratu gara eguerdiko 12tan tontorretik argazki familiarra egiteko eta ekimen nazionalarekin bat egiteko. Animatu!
Utzi erantzuna