
2020-21 SARE Gernika-Lumoren ikasturteko balorazioa
2020-21ko ikasturtea egoera bereziarekin abiatu genuen, guztiok bezala. Pandemia globalak erabat eraginda, musukoa aurpegian eta ziurgabetasun ugarirekin.
Bagenuen, aitzitik, ardura nagusi bat: kalean gure egunerokotasunean hainbesteko eragina (latza sarri) izaten ari zuen covid 19ak espetxe barruetako errealitatea (euskal presoei zegokienean, bederen) ezagutaraztea, kaleratzea.

Horrela eraiki genuen ikasturteko plangintza. Eta horregatik, ere, bi zatitan banatu genuen; egoerak zein norabide hartzen zuenaren arabera, egokitzeko aukera izateko.
Iraila eta urtarrila bitartean, bi egiteko nagusi hartu genituen: batetik, pandemiaren ondorioz ematen ari ziren eskubide urraketa areagotzeak kaleratzea; eta, bestetik, SAREk hilabete batzuk lehenago zabaldutako Izan Bidea dinamika iraunkorrari ekarpena egitea Gernika-Lumotik. Horrela iritsi, ginen urtarrileko mobilizazio orokor deszentralizatu berezira, urtarrilaren 9an.

Hortik eta uztaila bitartean, ez dira gauzak askorik aldatu. Pandemiak hobekuntza batzuen zantzuak izan baditu ere, gaurdainoko eragina du. Eta, beraz, gure dinamikan nabaritu izan da.
Haatik, ez dugu etenaldirik izan, eta hori izan da positiboki gehien baloratzen duguna: lanean jarraitu dugula etxeratze prozesuan aktibazio soziala sustatzen.

Ondorio batzuk atera ditugu, irakasgai bezala:
1.- Pandemiak eragiten jarraituko du oraindik. Eta salbuespen neurrietan oinarrituriko espetxe politikarekin batuz gero, euskal preso eta haien senideen eskubide urraketetan eragiten jarraituko du. Berau kaleratu, salatu, eta konponbidean urratsak emateko laguntzen jarraitu beharko dugu.
2.- Izan Bidea dinamikak jarraibidea izan behar du, SAREk bultzaturiko dinamika iraunkorrak Gernika-Lumon ekarpen oparoa izateko ardura dugularik.

3.- Alta, ekimen ezberdin eta ugari egin baditugu ere, haien arteko lotura eza, sarea hedatzeko tresna eraginkorra izateko zailtasunak, eta proiektu iraunkorren falta sumatu dugu ere. Horrek zer pentsatu ematen digu hurrengo ikasturteari begira: Gernika-Lumon SAREren sorreratik abiaturiko Ispilue proiektuak kuantitatiboki eta kualitatiboki hedapen marjina badu, gure ustetan.
4.- Gure plangintzan elkarlana, zabalagoak diren proiektuen partaidetzan (halaber, Gernika Memoriaren Lekuko, ASTRA, Biztu Irratia-Arrosa sarea) ekarpena egiten jarraitzea garrantzitsutzat jotzen dugu (aurtengo plangintzan egin bezala: memoria proiektua, Sare On irratsaioa, ASTRA iluntzeak antolatzea…).
Kepa, Jabi, Eneko eta gainerako euskal preso, iheslari eta deportatuak etxean izan arte lanean jarraituko dugu.
Gernika-Lumon, 2021ko uztailak 31.

Utzi erantzuna