
Espetxe politika berria? mahai-ingurua Elai Alai aretoan
SARE Gernika-Lumoren asmoetariko bat beti izan da gaia sozializatu eta gogoeta komunerako espazioak sortzea. Horrela abiatu genuen elkarlan bat Bake-Leku txokoarekin 2016an. Hilerik hile egiten zituzten eztabaida foro eta hitzaldi sortetan euskal preso-iheslarien eta haien senideen eskubideen inguruan mintzatzeko ertz ezberdinetatik.
4 urtetan saio bana burutu genituen, beraz, 4 elkarlan espazio sortu genituen, martxoa erreferentzia bezala harturik. 2020an, Bake Leku txokoak hitzaldiak egiteari utzi eta hurrengo urtean, kultur etxearekin abiatu genuen zuzeneko elkarlana. Ekimena antolatua eta iragarria genuenean zorigaiztoko pandemia etorri zen, eta bertan behera utzi behar izan genuen ariketa.
Aurten ber-hartzea ebatzi dugu, kultur etxearen prestutasun berarekin. Eta martxoko erreferentzia errespetatu dugu. Izan ere, martxoaren 22an (asteartea) arratsaldeko 19,30tan Elai Alai aretoan mahai-ingurua antolatu baitugu:

Espetxe politika berria? galdera ikurrarekin planteatu dugu gaia. Izan ere, azken urtean sistematikoki aplikaturiko espetxe politikan aldaketa batzuk eman direlako bai (batez ere dispertsioaren mapari dagokionez) baina gaur egun oraindik orain, salbuespen neurriak bere horretan diraute. Horri gehitu behar zaio pandemiaren egoerak espetxe barrenetan uzten ari duen egoera azken bi urte hauetan.
Euskal jendartean agerikoa da urrats kualitatibo nabarmenak eman direla konponbidea eta elkarbizitzaren bidean, eta berauek erabateko talka egiten dute azken asteetan pairatzen ari diren ebazpen judizialekin (3.graduak bertan behera uztea, eri diren gaixoen berehalako kaleratzerik ez, kriminalizazio saiakerak….).
Azkenik, elementu berri bat badago mahai gainean: orain hilabete batzuez geroztik EAEko gobernuak espetxe eskumena badu, eta zein norabidetan kudeatuko duen erabakigarria izan daiteke, zalantzarik gabe.
Pertinentea dirudi galdera ikurrean plazaratzea, ezta?
Horretarako bi hizlari izango ditugu: Nekane Altzelai Foro Sozialeko kidea (aurretiko horrelako saio batean Agus Herran bertako kidea ere izan dugu, baina urteak pasa dira eta gertaera ugari eman dira tarteko), eta Inaxio Oiartzabal SAREko koordinatzailea eta bozeramaile lanak egiten dituen kidea. Javi West kazetari gernikar gazteak moderatzaile lanak egingo ditu.
Gaia bere zabaltasunean lantzeko beharra eta urgentzia baduelakoan gaude, eta, horretarako, espazio emankorra izan daiteke mahai-inguru hau. Eta, noski, guztiok gaude gonbidatuak.
Utzi erantzuna