Gernikako jaietan mobilizatu gara

Gernikako jaiak amaitzear badaude ere , SARE Gernika-Lumok bere aldarrikapenari espazio propioa eskaini nahi izan dio: gaur egun 180 euskal presok gatibu jarraitzen dute, tartean Jabi, Eneko eta Kepa. Oraindik orain sakabanaketa politika ez da amaitu eta salbuespen neurriak bere baitan jarraitzen dute. Badago, beraz, arrazoi nahikoa aktibazio sozialean sakontzeko.

SAREk urrunketa politika lehen bait lehen amaitzea du xede. Aurrera pausuak eman dira, baina ez behar bestekoak. Jakin bagenekien bidea ez zela erraza izango, eta oztopoak noiz-nahi izango genituela. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu kale mobilizazioari eustea. Etxerako bidea erabat gauza dadin aldarrikatzen jarraitzea, helburua eskuratzeko berme bakarra delako.

Azken asteetan hainbat presoren Euskal Herriratzea iragarri da. Tartean Enekorena. El Dueso-tik (Kantabria) Zaballara (Araba) leku-aldatu (ko) dute. Zalantza barik berri ona da, bai presoarentzat eta baita senide eta lagunentzat ere. Eta pozten gara. Urteetako dispertsio politika atzean utzi, eta etxeratze bidean hurbilpen bat delako. Baina ez da nahikoa. Eneko eta gainerako euskal preso eta iheslariak etxeratu arte lanean jarraitu behar dugu.

Izan Bidea dinamikaren baitan ezarritako 3 miloi Km-ko erronkari amaiera emango dio SAREk Urriaren 8an Donostian: azken Km-ak egingo dira bertan, eguerdian manifestazioa izango da, eta, ondoren jaialdi bat antolatu da. Azken bultzada emateko eta hurrengo faseari oinarri sendoa eskaintzeko mugarria izan nahi du urriaren 8ko hitzorduak, eta denak parte-hartzera animatzen zaituztegu. Euskal preso,iheslari eta deportatuak etxera!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude