Irailak 30, ekitaldia

Gaur egun 180 euskal presok gatibu jarraitzen dute – tartean Jabi, Eneko eta Kepa-, 24 iheslari erbestean, eta 5 deportatu munduan barrena atxikiturik. Oraindik orain sakabanaketa politika ez da amaitu eta salbuespen neurriak bere baitan jarraitzen dute. Badago, beraz, arrazoi nahikoa aktibazio sozialean sakontzeko. Eta Gernika-Lumotik berau bultzatzeari eutsiko diogu.

Esku artean duzuena orain aipaturiko errealitatea amaitzeko proposatzen dugun plangintza da. Iraila eta urtarrila bitarterako marraztu duguna. Arrazoi batengatik: SAREk adierazi du publikoki urte bukaera honekin urrunketa politikaren amaiera aurreikusten duelako. Erronka horrekin bat egin nahi dugu eta oraindik orain Euskal Herrian ez diren euskal presoen herriratzea bultzatu, gradu progresioetan sakondu, eta salbuespen araudia amaitzea sustatuko ditugu.

SARE Gernika-Lumori dagokionez, bi elementu kontuan hartzen genituen, zentzu horretan: gure kasuan erabatekoa ez, baina gaur egun urrunketa politikaren amaierara gehien hurbil daitekeen egoera bat dugu: Eneko Zaballan, Kepa Arrasaten, eta Jabi Lannemezanen. Bestalde, eta honi loturik, orain 7-8 ikasturte abiatu genuen dispertsio eta urrunketa politika amaitzearen aldeko aktibazio soziala helburu zuen Ispilue proiektua betetzat eman dezakegu. Ondorioz, SAREk azpimarra egin nahi duen urrunketa politikaren amaiera gauzatzeko denborari begira erreparatu, eta urtarrila bitarteko plangintza marraztuko dugu, gure prozesu sozialaren amaierari eman eta erabateko etxeratzeari helduko diogu aurrerantzean.

Bi une garrantzitsu aurre ikusten ditugu hilabete hauetan: batetik urriaren 8rako deitutako egun osoko hitzordua Donostian : eguerdiko 12tan manifestazioa eta eguerdiko 15,30tatik aurrera kontzertuak izango baitira Ilunben. Gogoratzen dizuegu jada autobusak antolatu ditugula, eta izen ematea martxan dagoela Arrano tabernan eta ASTRAn. Bi autobus eredu egongo dira, eta, ondorioz, bi zerrenda daude: bata arratsaldeko 18tan bueltatuko dena, eta bestea goizaldeko 3tan aterako dena. Biak ala biak goizeko 10,30tan Gernikako bus geltokitik aterako dira eta bere kostea 15 eurokoa izango da (bertan ordaintzeko). Beraz, bertaratzera animatzen zaituztegu.

Bigarren unea, gabonen testuingurua izango da: abenduaren 31ko mobilizazioa eta urtarrileko Bilboko hitzorduak honen guztiaren isla izatea nahiko genituzke. Zentzu horretan arreta berezia jarriko diogu garai honi. Haatik, ez ditugu ahaztuko beste hainbat egitasmo baditugula: Sare On irratsaioa Biztu Irratian, eta azaroan aurre ikusten dugun ekimen kulturala, tarteko.

Sarea modu askotan ehuntzen da. Zentzu horretan garrantzitsua iruditzen zaigu elkar komunikazioa sustatzea. Bai gu geuk izan dezakeguna partekatzeko, eta bai edonoren ekarpenak jasotzeko ere. Elkar harremana ezinbestekoa baita. Beraz, azken urteetan e-posta aldatu duzuenok (ohartu gara gure mailingetan hainbat helbide elektroniko atzera botatzen dizkigula) edo SARE Gernika-Lumoren informazioa zuzenean jaso nahi duzuenok, idatzi horko orrialdean zuen e-posta, eta tarteka gure berri izango duzue. Gogoratu ere www.saregernika.eus webgunea dugula, eta baita instagram, youtube, twitter eta facebook sareak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude