“Txori Urdinak” liburu aurkezpena Gernika-Lumon

Datorren azaroaren 9an (asteazkena) arratsaldeko 19tan ASTRA Gernikan (hitzaldi gunean, lehen solairuan) “Txori Urdinak” liburuaren aurkezpena antolatu dugu. Bertan, Zigor Olabarria Oleaga egilea izango dugu. Santi Cobos preso sozialaren bizitzan oinarritua dago, berari egindako elkarrizketak, eta gertaera ezberdinen ikerketa lanean:

Erreformatorioa, adin txikikoentzako espetxea, espetxe “arrunta”. Santi Cobosek 25 urte eman ditu preso, horietariko asko isolamenduan eta bakartuta, FIES artxiboan sailkatuta. Gorrotoa eta ihes egiten saiatzea izan zituen bizirauteko helduleku bakar urte askoan.

Ordainetan pilatu zituen 70 urte baino gehiagoko kondena, torturak, jipoiak, herra. Espainiako Estatuko FIES galerietatik bizirik irten ziren gutxienetako bat dugu Santi, eta kontalari aparta. Bere lekukotasuna espetxe sistemaren salaketa ariketa bat da, gordina oso, baina umoretik eta bizitzaren aldeko kantatik ere baduena.

Solasaldi eran antolatuko dugu aurkezpena: Zigorrek Santirekin izandako pasarte eta euskarri ezberdinak plazaratuko ditu, eta espetxearen errealitatea ezagutu duen bertako laguna ere izango du solaskide.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude