Urriak 8, Donostia: etxera bidea gertu

Urriaren 8ko egun osoko ekimena ekarpen itzela izan da etxerako bidea gertu izateko. Hiru hamarkada luzez aplikaturiko salbuespen neurrien zutoi nagusia – urrunketa politika- amaitzen dago: Gaur egun dauden 180 presotik (156 gizon, 26 emakume) 134 Euskal Herriko espetxetan baitaude. Hauei gehitu behar zaie 24 iheslari eta 5 deportaturen egoera.

Mugiezina zirudiena mugitzen gaude guztion artean. Sufrimendu gehigarri handia egon da, oraindik bere horretan dirauena. 16 senidek bizitza galdu dute errepideetan, eta oraindik orain astebururo arrisku bizian dauden ehunka pertsona ditugu. 2022.urtea, zalantzarik gabe, dispertsioa eta urrunketaren erabateko amaiera izan behar da.

Izan Bidea dinamika iraunkorrari amaiera eman diogu ere: bi urtez egindako KM.ak euskal jendartearen konpromezuaren erakusleihoa izan dira. Gernika-Lumo eta Busturialdetik ekarpen emankorra egin diogu iniziatibari, denbora honetan, ekimen ezberdinen bidez.

Urteetan, sektorez sektore, herri, auzo, ikastetxe, lantokietan…eremu ugarietan lanketa iraunkorra sustatu izan da hain ankerra den salbuespen politika gainditzeko. Aktibazio soziala ezinbestekoa da saretze herritarra areagotzeko.

Baina oraindik ez da nahikoa: erabateko etxeratze prozesua, guztiona, etxean eta etxekoekin gauzatzeko fase berri bat abiatu behar dugu. Gatazka politikoaren ondorioen atal hau urgentziaz konponbidean jarri beharra dago, jendarte bezala elkarbizitzan urratsak emateko. Horixe adierazi zuten Donostiako kaleak eta Ilunbeko espazioek urriaren 8an.

Erronka handiak betetzen jarraituko ditugu, eta hurrengo hitzordu garrantzitsua ezarria dugu Euskal Herriko gehiengo sozialaren nahiari forma berria emateko: abenduaren 31an Gernika-Lumon, eta urtarrilaren 7an denok Bilbora!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude