
Etxeratzera mobilizazioa, ekainak 16
Atzoko egun batez, orain 9 urte, jaio zen giza eskubideen eta konponbidearen aldeko SARE Herritarra, SARE legez ezaguna egin zaiguna: euskal preso eta iheslarien etxeratzeko helburu zuena eta oraindik baduena.
Gauza asko aldatu dira geroztik, bistan denez. Azpimarra berezia egin nahiko genioke bi elementuri: batetik, dispertsioaren mapa atzean utzi dugu. Sistematikoki hamarkadetan ezarritako salbuespen neurri zitalena, hain zuzen ere. Senide eta lagunek haien azaletan, asteburuz asteburu, pairaturikoa. Doakizue gure estimu sentikorrena.
Bigarrena, preso eta iheslari kopurua: Oraindik orain 156 euskal preso, 20 iheslari, eta 5 deportatu daude 2023.urtean. Gernika-Lumo eta ingurukoen kasuan, 8 preso zeuden orduan, eta orain 3 dira gatibu jarraitzen dutenak. Eneko, Jabi eta Kepa etxean etxekoekin erabat izan arte lanean jarraituko dugu.
2023ko urtarrilaz geroztik prozesu sozial berria abiatu dugu SARE Gernika-Lumok bultzatua. Behin dispertsioaren amaiera beteta, oraingokoak, euskal preso, iheslari eta deportatu guztien erabateko etxeratzean Gernika-Lumoko gehiengo soziala aktibatzea eta posizionatzea izango du helburu.
Horretarako, SARE Gernika-Lumok dinamika sozial iraunkorra aurkeztuko du bai modu bateratuan lantzeko, eta bai norbanako edo kolektibo gisa, ekarpen aktiboa sustatzeko. Ikasturte bakoitzeko plangintzak plazaratuko ditugu tarteko helburuak betetzen joateko, eta, metatzen eta areagotzen doan bidea gauzatzeko.
Honen guztiaren euskarria izan nahi duen logo eta banderola berria plazaratu dugu ere; egungo fasearen erronka islatzen duena. Balkoi eta leihoetan, lantokietan, lonjetan, txokoetan, elkarteetan… jartzera animatzen zaituztegu. Gero eta presentzia sozial gehiago izan dezan aldarrikapenak.
Oinarrizko bost printzipioen gainean burutuko dugun lana. Ardatz hauen gainean, lanketa sozial, politiko, instituzional eta kulturala sustatuko dugu:1.- Salbuespen neurri guztiak amaitu (zigor batuketak, 40 urteko espetxe zigorrak, epaitegi zentralak).2.- Bide judizialari oztoporik ez! Gradu erregresiorik ez!3.- Euskal preso, iheslari eta deportatu guztien etxeratzea helburu: etxean nahi ditugu!4.- Konponbidea-elkarbizitza ardatz.5.- Gatazkaren eta giza eskubideen urraketaren kontakizun inklusiboaren alde.Lehen urratsa, hurrengo hilabeteetan harreman bira zabal bat egitea izango da, eragile eta norbanako ugarirekin, berauek partekatzeko. Horri ekingo diogu hemendik aurrera.
Hala ere, mobilizazioekin uztartuko dugun langintza izango da, eta, zentzu horretan, hiru hitzorduk osotuko dute gure udako agenda: batetik, azkeneko ostiralak; hurrengoa, datorren ekainaren 30ean. Bigarrenik, Etxerat-ek deitutako hondartzetako ekimenak, abuztuaren 6an. Azkenik, Gernikako jaietako testuinguruan SARE Gernika-Lumok deitutako mobilizazioa abuztuaren 18an.
Badugu non elkartu beraz!Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!
Argazkiak: Kostan Delgado
Busturialdeko Hitzak mobilizazioren kronika jaso du, azpimarra berezia eginez Kepa Arronategik etxean preso egoteko ebazpena jaso izanaren berri eman genuelari:
Utzi erantzuna