Ispilue proiektua

2015eko irailean jarri genuen martxan Ispilue proiektua, euskal preso politikoen dispertsioa amaitzeko erronka moduan. Horretarako, Gernikak, subjektu moduan, salbuespen neurri bidegabe hori behingoz amaitu dadin aldarrikatzea bilatuko dugu, ostean dagokien erakundeei gure herriaren borondatea bete dezaten exijitzeko. \nSarekideon ekimena ardatz duen proiektua da, sarekideon inplikazioa islatzen duen Ispilue Proiektua. Ez dugu bilatzen talde eragile txiki batek prestatutako ekimenetara batu eta sarekideon parte hartzea horretara mugatzea; erronkari benetan helduko badiogu, ezinbestekoa deritzogu ekimena deszentralizatzeari, esparru desberdinetatik proiektua elikatzeari.

Ispiluak jendez lepo.
Ikusezinek gaituzte ikusten.
Ahantziek oroitzen.
Gure burua ikustean, haiek ditugu ikusten.
Gu joatean, badoaz?

2022.urtean proiektuari bukaera eman diogu. Bi arrazoiengatik: batetik, erabatekoa ez, baina gaur egun urrunketa politikaren amaierara gehien hurbil daitekeen egoera bat dugu Gernika-Lumon: Eneko Goieaskoetxea Zaballan dute (Araba, EH), Kepa Arronategi Aita Mennin (Arrasate, EH), eta Jabi Abaunza Lannemezanen (EHtik 317 KM-tara).

Ondorioz, orain 7 ikasturte abiatu genuen prozesu soziala amaitutzat ematen dugu, eta hurrengo helmuga marrazten dugu: euskal preso eta iheslarien erabateko  etxeratzeari helduko diogu aurrerantzean.