1937-2019 Gernika ihesean

Gernika, 1937ko apirilak 26. Azken hiru urteetan lantzen gabiltzan oroimen erradiografiari hasiera eman zion data. Geure buruan, geure bihotzean, geure iraganean, geure orainean, geure etorkizunean iltzaturiko marka. Betirako gurekin.

SARE Gernika-Lumok memoriari loturiko ekarpena egiten jarraitu nahi du, azken garaiotan bezala; lantzen dugun gaiak –euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsa eta haien etxeratzeak– bere memoria ere baduelako.

Oraingoan, iheslarien erradiografiari erreparatu diogu. Eta segituan egin dugu topo lehen erronkarekin: Zer da iheslaria izatea? Zer dakigu 1937tik gaurdaino Gernika inguruan bizi izandako eta ihes egindako pertsonez? Nola izendatu hain anitza den errealitatea?

Entziklopediek horrela definitzen dute iheslari terminoa: bere sorterria utzi eta normalki beste herrialde batean errefuxiatzera behartua izan den pertsona, arrazoi politikoak bultzatua, nagusiki. Euskal Memoriak, aldiz, Euskal Erbestea (1936-2015) liburuan erbestea terminoaren jatorriaz hurbilpen bat eskaintzen digu: “Erbestea bezalako hitzak, hitz arruntak badira ere, horien erabilera normalizatua fenomeno aski modernoa da. Hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerraren ostean zabaldu zen”.

Hortik aurrera, galdera nagusi bat etortzen zaigu burura: Gernikak jasandako bonbardaketaren hurrengo egunetik aurrera zenbat pertsona izan ziren ihes egitera behartuak? Eta urte hauetan guztietan zenbat izan dira? Zein egoeratan egon dira? Zeintzuk dira haien izenak? Eta izanak?

Ezin izango diegu galdera guztiei erantzunik eman, baina norbaitek noizbait helduleku bat nahi izanez gero, euskarri hau izan dezala lagun. Gernika ihesean ibilitako herria ere badelako.

Deskargatu Fitxategiaren luzapena: pdf