Aterabidetik
“Aterabidetik”. Gehikuntzen ikus-entzunezko proiektu korala. Sarea film laburra egina. 25 gernikar baino gehiagoren artean sortua. Gernikako eta Gernikarren dispertsioaren erradiografia irudi eta soinuetan islatua.
Puzzle bat egin dugu. Ikus-entzunezkoetan lanean murgilduak dauden hainbat gernikarren artean garatua. Norberak bere begirada eskaini dio, bere ekarpena. Berea egin du partaide bakoitzak eta emaitza 28 bat minututako film labur hau da.
Dispertsioa. Urte luzez gernikar ugariren bizitzak baldintzatu ditu. Gaurdaino. Amaitu beharrekoa da, ordea. Giza legezkoa delako. Konponbiderako lagungarria delako. Film labur honek errelitate hori ikusaraztea du xede, ez besterik.
Has dadila bada norberagandik aterabidea.
PENTSATU, EGIN
Proiektu xumeenak ere bere denbora behar du. Aterabidetik proiektu xumea da, baina denbora eta lan handia ekarri du. Ez niretzat edo errealizatzaileentzat bereziki, baizik eta, batez ere, lan hau martxan jarri zuen Gernikako Sarerentzat. Uste dut ez zutela espero hainbeste behar emango zuenik ordu erdi eskaseko “lantxo” honek.
2016ko ekainean deitu zidan Jon Rementeriak proiektu honetarako errekrutatzeko. Berarekin eta Oihana Cabellorekin bildu eta martxan jarri ginen. Erradiografiak izeneko lana erakutsi zidaten eta hantxe zegoen dena: euskal presoen senide eta lagunen maitasuna, ahalegina eta nekea. Hari nola eman ikus-entzunezkoaren forma, horixe zen kontua.
Sarritan dituzun baldintzek zehazten dute egin beharrekoa eta kasu honetan Gernikaldeko bost errealizatzaile zeuden letozkeen ideiak irudietara ekartzeko prest. Borondatezko lana izanik, eta jendearen denbora urrea bezala tratatu behar zela kontuan hartuz, lanak ondo banatzea erabaki genuen. Horregatik eman diogu gorputz zatikatua lanari: fikzio bat, reality bat, elkarrizketa bat eta han, hor eta hemen txertatutako sentipen-pildora txikiak.
Eskerrak eman nahi dizkiet Remeni eta Ibon Meñikari (bi lagunok izan baitira gure “produktoreak” ibilbidean zehar) erakutsi duten jarreragatik. Sarritan gertatzen da halako proiektu borondatezkoetan eskatzailea, zure baietza lortu ondoren, eskakeatzaile bihurtzea. Lan honetan, ostera, beti egon dira lanaren gainean.
Bestalde, zoriondu gaitezen Gernikan ditugun artisten maila ikaragarria delako: lanen zuzendariak, musikaria, grafistak… denek eman dute, beren ordu libreei ostuta, daukaten onena. Duela ez hainbeste urte, ezinezkoa izango zen horrelako lan kolektibo bat planteatzea ere.
Azkenik, lan honetako benetako protagonistei luzatu nahi diet begirada. Garai gogorrak jarraitzen dute izaten askorentzat. Denon betebeharra da neke zahar honekin amaitzen laguntzea. Gure herrikideak direlako.
Josu Goikoetxea Gezuraga.